Bergarako Musika Bandak urriko kontzertua emango du domekan

Koldo Zubia Salas

Bergarako Musika Bandaren martitzeneko entsegua. Irudia: Bergarako Musika Banda.

Bergarako Musika Bandak urriko kontzertua emango du domekan, 12:30ean, Udal Pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da, eta guztira sei pieza entzuteko aukera egongo da, pasodoble valentziar batetik hasi eta abenturazko musikara eta pop ukituko piezetara arte.

Musika Bandak urtean zehar askotariko kontzertuak egiten ditu; kalekoak, didaktikoak... bakoitzean, kontzertu motari egokitutako errepertorioarekin. Urriko honetan, baina, errepertoriorik "potenteenetakoa" eskaintzen dute. "Urtean hiruzpalau kontzertutan bakarrik izaten dugu hilabete entseatzeko; urrikoa da horietako bat, eta, horregatik, zailtasun handiagoko errepertorioa eskaintzen saiatzen gara. Igandekoa halakoa izango da; pieza oso gogorrak dira batzuk, eta musikariak gogotik ari dira lanean", dio Enrike Txurruka zuzendariak.

Sei pieza

Salvador Giner konpositorearen L'entrà de la Murta pasodoble valentziarrarekin hasiko dute kontzertua. Ondoren, Carl Maria von Weberren Oberon operaren obertura joko dute; pasarte oso arinak dituena. Jarraian, Jesus Guridiren La Meiga zarzuelaren intermedioa eskainiko dute; galiziar kutsuko pieza arina. Samuel R. Hazoren Southern Hymn izango da hurrengoa, giro lasaiagoa eta goxoagoa ekarriko duena. Abenturazko musikaren txanda iritsiko da gero, Jose Alberto Pinaren The Legend of Maracaibo piezarekin. Azkenik, Thomas Dossen Firework joko dute, pop ukituko pieza alai eta argitsua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak