Ekitaldi berezia prestatu du Bergarako UNEDek 50. urteurrena ospatzeko

Eki Letona Erretolatza

UNED Bergarako gela batean, azterketa batean. Argazkia: Goiena.

1976ko azaroaren 4an jarri zuten martxan Bergarako UNED zentroa, eta 50. urteurreneko ekitaldi berezia egingo dute egun berean. Ikasturte hasierako eta mende erdiaren ospakizuna egun berean egingo dute, Bergarako Seminarixoan.

Iñaki Esparza zentroko zuzendariak urteurrenaren inguruko xehetasunak eman ditu Berbagai saioan, eta ikasturte berriaren hasieraz, matrikulazioaz eta unibertsitatearen etorkizuneko erronkez ere hitz egin du.

Esparzak azaldu duenez, 50. urteurreneko ekitaldia "mimo eta maitasun handiz" prestatu dute. Ikasturteari hasiera emateaz gain, tituludunei diplomak banatuko dizkiete, euskal unibertsitatearen etorkizuneko gakoak eta erronkak aztertzeko mahai-ingurua egingo dute eta hitzaldi bat ere egingo da. Horrez gain, inguruko enpresei eta eragileei mezu bat helarazi nahi diete: "UNED ez da goi-mailako prestakuntza eskaintzen duen erakunde bat soilik, inguruko eragileekin elkarlana eta sinergiak sustatzeko prest dagoen zentroa ere bada".

Talentua ez galtzeko sortua

UNED-Bergararen ibilbidea 1976an hasi zen, Bergarako Kultur Ekintza taldeak proposatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat aurrezki-erakunderen laguntza ere izan zuten. Madrilen UNED unibertsitatea sortu eta hiru urtera jarri zuten martxan Bergarako zentroa, helburu argi batekin, Esparzak gogoratu duenez: "Talentua ez alferrik galtzea, pertsona talentudun bat ere ez alferrik galtzea".

Lehen ikasturtean 1.029 ikasle izan zituzten, eta gaur egun ere urrutiko unibertsitate publikoak aukera hori eskaintzen jarraitzen du. Esparzaren hitzetan, "beharra egoten jarraitzen du, pertsona askok beren prestakuntza akademikoan aurrera egiteko edo beste aukera profesional batzuk izateko aukera behar dutelako."

Ikasleen profila, zabalagoa

Urte hauetan guztietan ikasleen profila asko aldatu dela nabarmendu du Esparzak. Lehen, gehienak gizonezkoak eta 40 urtetik gorakoak ziren; gaur egun, berriz, gazte gehiago, emakume gehiago eta jatorri askotako ikasleak daude. Hala ere, lehenagoko ikasleen profila ere mantentzen da. 

Aldaketa horiek gizartearen behar berriekin lotuta daude, eta eskaintza akademikoa egokitzeko beharrarekin ere bai: "Eskaintza une oro berritu behar da". Ildo horretan, aurten Adimen Artifizialaren Ingeniaritza jarriko dute martxan. 

Izen ematea. zabalik

2026-2027ko ikasturterako matrikulazio epea urriaren 21era arte egongo da zabalik UNED-Bergaran. Esparzaren esanetan, "kanpaina normal doa, eta iazko datuak hobetzea" espero dute. Izan ere, iaz 1.400 ikasle inguru izan zituzten, eta aurten gehiago espero dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak