Ndank Ndank elkarteak antolatu du saioa, eta urteko programazioaren baitako lehen ekintza da. Thiorren bakarrizketa 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.
Izenburuak iradokitzen duen moduan, hitzak baino gehiago izango dira zure bakarrizketan; nondik dator ideia?
Más que palabras bakarrizketaren ideia dator hitzek errealitatea sortu ala bakarrik deskribatu egiten duten horretatik; hortik jaiotzen dira gure arteko komunikazio akatsak. Hortik abiatuz, istorioen bidez, komunikazio akats horiek eszenifikatuz joango naiz. Istorio dibertigarriak dira; lanketa eta irakaspena dute, noski, baina, batez ere, oso-oso barregarriak dira.
Duela bi urte izan zinen Bergaran. Gaur egun, hiri handietan egiten dituzu bakarrizketak. Zer du berezia Bergarak?
Hasteko eta behin, Ndank Ndank elkartea du Bergarak; miresgarriak dira eta sekulako lana egiten dute. Gainera, hiri handietara joaten hasi aurretik, saio bat eskaintzeko konfiantza eman zidaten eta baiezkoa eman nien. Bestalde, etorri nintzen lehenengo aldian, Euskal Herritarrak serioak zinetela esan zidaten, baina ezta hurrik eman ere! Euskaldunen bihotzean sartzean, ezin da hortik irten.
Arrazismoa eta horren inguruko aurreiritziak zure bakarrizketen muinean daude. Barre eragitea bai, baina hausnarketari bide ematea da helburua, ezta?
"Ndank Ndank elkartearekin harreman estua dut; hasieratik eman zidaten konfiantza"
Hala da; umore mota asko daude, baina nik beti egin dut ikusi nahi izan dudan umore mota. Gaur egungo mundu bizkorrean, oso zaila da areto batean 200 pertsona norberari entzuten izatea; horregatik, uste dut zerbait esatea garrantzitsua dela. Gai sentikorren inguruan umorea egitea sormenaren gauzarik interesgarrienetakoa iruditzen zait. Hasiera batean barregarria ez den zerbait barregarri bihurtzeak askoz gehiago funtzionatzen du. Barreak amaitu osteko hausnarketa momentua, bai pertsonalki eta baita komiko bezala, izan dezakedan asebetetze handienetakoa da.
Andaluziako hizkera erabiliz, adibidez, jendeak dituen estereotipoak hausten saiatzen zara.
Bai, eta interesgarria da hori. Guztiok ditugu aurreiritziak, eta aurreiritziek hori dute, pentsatzen jarriz gero oso absurdoak direla beti. Aurreiritzi horiek zuzenean nola desmuntatzen diren ikustea oso interesgarria da. Publikoa aurreiritzi bat sortzen hasten denean nik badakit hori egingo dutela, eta gero, beste leku batetik jotzen dut; ederra da jendeari gelditzen zaion aurpegia eta izaten duen erreakzioa.
Umoreak nork bere ideiak aldatzeko balio dezake?
Baietz esango nuke. Oso tresna indartsua da, pixkanaka sartzen doa eta betirako gelditzen da. Historian zehar umorea erabili izan dugu, hasiera batean serioak ziren gaiak erlaxatu eta eztabaidatzeko. Umoreak botere handia duela uste dut.
Baina, batzuetan, mindu egiten du. Non dago umorearen muga?
Nire ustez, umoreak ez du limiterik, baina ñabardura batzuekin. Uste dut gai sentikorrak ukitzen direnean ondo prestatu behar dela gaia. Nik Bergarari buruz hitz egin behar badut, informazioa batu beharko dut bergararren inguruan. Horrela, gai sentikor horiei kapa original gehiago erantsi ahalko dizkiet nire bakarrizketan, publikoarekin konexioa sortzeko.
Prestaketa aipatu duzu; modan dauden bakarrizketa horietan zer da prestatua eta zer inprobisatua?
Askotariko komediak daude, inprobisatuagoak eta prestatuagoak. Niri bien arteko nahasketa gustatzen zait. Saio batean, askotan, ez dakit zer aurkituko dudan, baina egoera horiei aurre hartzeko prestatzen naiz.