Oxirondoko komunitatea batuko dute zapatuan ospatuko den Verdury Hall jaian

Idoia Aranbarri Arzuaga

Verdury Hall jaiko bazkaria, iaz. (ARGAZKIA: GOIENA)

Bi ikasturteren ostean, Elikaenearen proiektua "egonkortzen" ari dela diote.

Egun berezia izango da zapatukoa Oxirondo azokarentzat: bigarren urtez jarraian, Verdury Hall jaia ospatuko dute, Oxirondoko komunitatea batzeko helburuarekin. 1967tik 1971ra bitartean San Martin plazan egon zen azoka, eta bertan egiten ziren jaialdiak eta dantzaldiak izen horrekin –Verdury Hall– ezagutzen ziren. Hortik abiatuta berrartu zuten festa iaz Elikaeneakoek, eta bihar, bigarren edizioa egiteko elkartuko dira Oxirondo azokan bertan. 14:30ean egingo dute herri bazkaria, azokako produktuekin prestatutako paellarekin, eta 18:00etan, Bergarako Amustei taldeak kontzertua emango du. Bazkarirako txartelak aurrez erosi behar dira Elikaenean, 10 eurotan.

Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz inauguratu zuten 2024ko irailaren 6an Elikaenea, eta bi urte hauetan sortutako dinamikak finkatu egin direla aitortu dute; baita Elikaeneako azpiegitura bailarako elikadura sistemaren tresna bihurtu ere. "Ildo pila dauzkan proiektua jarri genuen martxan duela bi urte. Hori guztia egonkortzeko eta dena martxan jartzeko lan eta ahalegin handia egin da, eta ikusten ari gara proiektua ari dela bere fruituak ematen. Azkenean, azoka biziberritu eta azoka garaikidea sortzea zen asmoa, gaur egungo beharrei entzungo dieten zerbitzuak emanez", azaldu du Elikaeneako ordezkari Ainhoa Narbaizak.

Eguaztenak Oxirondon

Azokaren biziberritze horretan, Eguaztenak Oxirondon dinamika ere martxan jarri zuten, eta eguazten arratsaldeetan baserritarren azoka eta sukaldaritza zuzenean egorten da. Horrekin batera, ekintza bereziak antolatzen dituzte, gutxienez, hilean behin. Joan den eguaztenean, esaterako, sagardo eta zuku dastaketa egin zuten, Aramaioko Iturrieta sagardotegiko Juanjo Peciñaren eskutik. Ekintzek "arrakasta" izaten dutela dio Narbaizak, nahiz eta hasiera batean zalantzak izan erantzuna izango zuten edo ez: "Jendeari kuriositatea pizteko balio du. Gainera, ahotsa eman diegu azokan egoten diren saltzaileei. Bertan kozinatzea ere bada tresna bat herritarrei ideiak emateko".

Narbaizak azpimarratu du herritarrengandik ere proposamenak jaso dituztela, eta gehiago jasotzeko prest daudela: "Bagabiltza herriko eragileekin jarduerak elkarlanean antolatzen, eta emaitza onak izan dituzte. Eragileek ere proposamenak badituzte, antolatzeko prest gaude".

Ikasturte berriko erronkak

Erronka nagusietako bat belaunaldi gazteak erakartzea dute. Ikusi dute lortu dutela azokara geroz eta jende gazteago joatea, baina "erronkak etengabea" izaten jarraitzen du oraindik: "Elikaenean erosketak egiten dituen jendea edo ekintzetan parte hartzen duen jendea nahiko gaztea da, baina 30 urtetik behera beste belaunaldi bat dago, eta haiengana ez gara iritsi. Ez da hemengo errealitatea bakarrik, baizik eta azoka guztietan dagoena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak