Eguraldia dela eta, urriaren 31ra atzeratu dute Bergarako Skate Festa

Koldo Zubia Salas

Duela bi urteko Skate Festa. 

Zapatuan ospatzekoa zen Trukuzikin elkarteak antolatutako urteroko Skate Festa Labegaraietan, baina, azken unean, bertan behera gelditu da hitzordua, eguraldi iragarpena ez baita ona.

Antolakuntzako kide den Joxe Mari Larrañagaren arabera, aire zabalean egiten den jaialdia izanik, eguraldi txarra dagoenean "ezer gutxi" egin daiteke. Ondorioz, hitzordua urriaren 31ra atzeratzea erabaki dute.

Skatea zabaltzeko asmoz

Egunez aldatuta ere, egitaraua ez da aldatuko. 11:30ean hasita, bi orduko skate hastapen saioa izango da. 14:00etan, parrillada egingo dute, eta, 15:00etan hasita, juniorren eta helduen jam saioa izango da; 1.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan. "Urteroko plana da, baina aurten Eibarko Ipar skate taldearen laguntza dugu, eta sari gehiago banatuko ditugu", esan du Larrañagak. Jam saioei dagokienez, txapelketa libreak izango direla gaineratu du: "Askotariko moduluetan saltorik onenak pilatzen dituenak irabaziko du". Kontzertua ere izango da egunaren amaieran.

Bailaran kaleko skatea egiten duen "jende gutxi" dagoela dio Larrañagak. Horregatik, ekimen horrekin, jendea skate mundura hurbiltzea asmo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak