Lehen Karlistaldiko "mugarri garrantzitsu batean" egingo dute azpimarra hitzaldian: "Une jakin batean karlisten pentsamendu-ildoa aldatu egin zen, eta herritarrentzat gertuagokoa zen proposamen bat egin zuten", adierazi du Lanbroa Kultur Elkarteko kide Antoni Larrañagak.
Proposamen horren inguruan dihardu Eugenio Ibarzabalek idatzitako Muñagorri, el conde y las condesas: guerra, paz y fueros (1745-1842) liburuak, eta idazleak berak azalduko du gertaera, Ibai Iztuetak garai horretako giroa "zer-nolakoa zen" azaltzen duen bitartean. "Iztuetak garai hartako giroaz eta orain dela 50 urteko giroaz hitz egingo du, eta bi garai haiek lotuko ditu hitzaldian", azaldu du Larrañagak. Hitzaldiaren ostean, Ibarzabalek idatzitako liburuaren ale batzuk salgai jarriko dituzte, eta, amaitutakoan, afaria egingo dute Patxa elkartean.
Gaur da afarian izena emateko azken eguna. 18 euroko prezioa du, eta posible da 610 289 748 telefono zenbakian edo lanbroake.eus webgunean.
Hitzaldi-sorta
Urritik azarora egingo duten Ezabatze agindua Bergarako aldarria izeneko hitzaldi-sortaren lehena izango da biharkoa. Hamabost egunean behin egingo dituzte hitzaldiak, eta, Larrañagaren esanetan, foruen abolizioaren ondorioz "euskaldunek galdu zutena" zehazki zer izan zen azaltzea da helburua: "Foruak abolitu zituztenean jendeak pentsatzen zuen ia-ia mundua erori egin zela. Edozelan ere, hitzaldi horien bitartez hainbat galderari erantzuna eman nahi diegu: hain zuzen ere, jakitea zehazki zer galdu genuen euskaldunok; ezagutzea ea zerk bereizten gintuen Errioxako edo Soriako biztanle batengandik".
Hitzaldi-sortarekin jarraituz, hilaren 30ean izango da bigarren hitzaldia. Ordukoa Joseba Agirreazkuenagak gidatuko du, eta 1800ko Eusko Foru Gobernuaren sorrera eta 1877ko Batzar Nagusien ezabatzea izango du berbagai.
Urteko azkena
Ezabatze agindua, Bergarako aldarria hitzaldi-sortarekin batera amaituko du Lanbroak urteko egitaraua, azaroaren 13an. Alkateen Mugimenduan murgilduta egon zen Patxi Zabaleta abokatu, politikari eta idazle nafarrak egingo du hitzaldia, eta garai haren inguruan hitz egingo du. Besteak beste, "Zabaletak Bergaran parte hartu zuen ekimen baten inguruan", azaldu du Lanbroako kideak.
"Gustura", formatuarekin
Hitzaldi-afariak izango dira hirurak, eta, Larrañagak adierazi duenez, "oso gustura" daude formatuarekin: "Ondo egoten da; izan ere, talde txikietan batzen gara, eta, talde handietan ez bezala, konfiantza handiagoa sortzen da hizlariaren eta entzulearen artean. Gainera, kalitate handikoak izaten dira hizlariak, eta ondorengo afarietan askatasun handiagoarekin hitz egiten dute. Hain zuzen, afarietan ere oso elkarrizketa interesgarriak sortzen dira".