Haizea Misol, Oier Muñoz eta Mikel Garagorri, gertu Bergarako jaialdirako

Xabier Urtzelai

Oier Muñoz, kasko gorriarekin, iazko borrokaldian, Bergaran. Goiena

Bihar, zapatua, 19:00etan hasiko dute boxeo jaialdia, Bergarako Udal pilotalekuan. Debagoieneko hiru lagun igoko dira ringera.

Aste barruan Bergarako Fraiskozuri plazan paseatzen ibili diren herritarrak jabetu dira asteburuan zerbait berezia izango dela inguruan, Sorabox taldeko boxeolariak bertan izan dira-eta entrenatzen. Ez da motorrak berotzen hasteko modu txarra, zapaturako, 19:00etan hasita, jaialdi borobila antolatu dute-eta udal pilotalekuan. "Beste batzuetan baino borrokaldi gehiago izango ditugu, bertaratzen direnek guztira hamabi borrokaldi ikusi ahal izango dituzte eta. Jaialdi polita antolatzen ari gara, eta bertako boxeolariak izango ditugu, gainera", dio Ixa Rodriguezek.  

Ibarreko hiru boxeolari

Guztira 24 boxeolariren lana egongo da aztergai, eta, tartean, Debagoieneko hirurena: Haizea Misol arrasatearra eta Oier Muñoz eta Mikel Garagorri bergararrak. "Haizea Misolek egin duen lana ikaragarria da. Ez du entrenamendu bakar bat ere kale egin, baina ez orain borrokaldia prestatzen dabilelako, bestela ere ez. Oso emakume fina da, lan egitea zer den inork baino hobeto dakiena. Junior mailako boxeolaria da [16 urte ditu] eta zapatukoa haren hirugarren borroka izango du. Esperientzia hartzen joatea tokatzen zaio, baina oso ondo ikusten dut", dio haren entrenatzaileak. "Haizeak Sorabox Durangoko Haizene izango du aurrean [50 kilotan]; jaialdia hasteko borroka izango da haiena".

Beste bi borrokalariak etxeko zaleen aurrean borrokatuko dira. "Oier pilotalekutik 300 metrora bizi da, Palmera inguruan, eta Mikel ere frontoi parean bizi da; horrenbestez, pentsa... hori bai da etxean borrokatzea", dio Rodriguezek, barre eginez. "Oier ere junior mailakoa da, baina dagoeneko badabil esperientzia hartzen, dagoeneko bosgarren borrokaldia izango du eta. Oso motibatuta ikusten dut". Hala, Muñozek Nafar Sustraiak taldeko Alvaro La Fuente izango du aurrean, 60 kilo azpikoetan, eta jaialdiko hirugarren borroka izango da eurena. 

Mikel Garagorri, berriz, 66,5 kilokoetan lehiatuko da. "Mikel Madrilen bizi izan da, eta han entrenatu da. Iparbox-eko Haritz izango du aurrean, eta ikuskizun polita emango dute, seguru". 

Sarrerak 18 eurotan daude salgai, Harry's eta Beleko tabernetan eta 639 27 56 75 zenbakian. Leihatilan 23 eurotan egongo dira, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak