Aranzadi Ikastolak ateak ireki ditu, "ospatzeko ezer ez dagoela" argudiatuta

Eneko Azurmendi Barrena

Gaur egin duten agerraldia. (Argazkia: Aranzadi Ikastola).

Urriaren 12a da gaur, Hispanitatearen Eguna, eta aldarrikatzeko baliatu du Aranzadi Ikastolak, egitarau propioa antolatuta. 

Urriaren 12a Ikastolen proiektuak partekatzen ez dituen hainbat gertaera ospatzeko eguna dela salatu du Aranzadi Ikastolak: "Kolonialismoa, inperialismoa, arrazakeria eta, oro har, herri, kultura eta hizkuntza txiki eta gutxituen kontrako jarrera eta ekintzak. Horrez gain, Euskal Herria eta euskalduntasuna ukatzeko tresna ere bada", adierazi dute, ohar bidez. Horregatik, ateak ireki eta egutegi propioa osatu dute. 

Ikastolako familia, ikasle eta profesionalen arteko asanblada batekin hasi dute "jaiegun arrotzen" aurkako dinamikari. Ondoren, hainbat ekintza egin dituzte, mailaka eta ikasgelaka banatuta eta, ondoren, talde-argazkia atera dute. 

Gaurko egunarekin, ikastolen autoeraketarako gaitasuna baliatu nahi dute: "Ikastolok erabakiak komunitatean hartzen ditugu, hori da gure indarguneetako bat. Autonomia dugu gure proiektua gidatzeko, eta gaitasun hori baliatu nahi dugu gai honetan eskua hartzeko". Gaineratu dute "oso pozgarria" dela egutegitik kanpo antolatutako egun batean horrenbeste kide elkartu izana: "Gure balioekiko konpromisoa erakusten du gaurko egunak".

Hainbat premisa indartzeko konpromisoa

Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarrean hartutako erabakiei tiraka, honako premisa hauek indartzeko hautua egin dute Aranzadiko kideek: "Batetik, hezkuntza-proiektua eta barne-antolaketa Euskal Herriko errealitate soziokultural eta linguistikoaren eraikuntzara egokitzea. Bestetik, estatuen asimilazio-politiketatik urruntzea. Eta, azkenik, administrazioen mugetatik harago doan eta nazio-mailako kohesioa bermatuko duen esparru eta egutegi propio baten aldeko urratsak egitea".

Bide horretan, eskola-egutegi propioa eraikitzeko mugimendua sortu nahi dute, "ikastolaren balioekin bat etorriko dena eta herri, kultura eta hizkuntza txiki eta gutxituen errealitatea bistaratu eta babestuko duena".

Hezkuntza Sailetik, ohartarazpena

Aranzadi Ikastolaz gain, Gipuzkoako beste bi ikastolek, behintzat, ireki dituzte ateak: Oiartzungo Haurtzarok eta Ibarrako Uzturpek. Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohartarazi zieten gaur eskolak emateak "ondorio penalak" izan zitzakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak