Arrate Bergara txapel barik itzuli da Bilbotik

Eneko Azurmendi Barrena

Arrate Bergara, podiumean, ezkerrean. (Argazkia: Hiru Hiriburuak).

Hiru Hiriburuak txapelketako finala jokatu dute eguerdian Bizkaia frontoian eta bi zati izan ditu partiduak, bakoitza kolore batekoa. Azkenean, Ibarrola-Ozaeta bikoteak irabazi du (22-19).

Alize Sagarduirekin osatu du bikotea finalean Arrate Bergarak, eta Aizane Ibarrola eta Udane Ozaeta izan dituzte aurkari, Bizkaia frontoiko harmailetan zeuden 2.200 zaleren aurrean.

Partiduak bi zati izan ditu. Lehen zatia gorriena izan da eta hainbat unetan aurretik izan dira Sagardui eta Bergara (7-3 eta 9-5). Baina bigarren zatian urdinak gehiago izan dira, gehienez bost tantoko aldea hartuta. Unerik zailenean, 17-11 joan dira atzetik gorriak. Ondoren, erreakzio polita izan dute, eta partida berdintzea lortu (19-19)

Hala ere, aurrelari goizuetarrak saketik falta egin du eta, hurrengo tantoan, bergararrak txapara bidali du dejada. Hortxe egin diete ihes txapelak (22-19).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak