Kontzertuetan ohiko izaten den moduan, minutu batzuk beranduago igo zen Olaia Inziarte Seminarixoko agertokira, Gema Ines Murillo, Eric Deza, Lore Nekane Billelabeitia, Josu Erbiti eta Ander Unzaga alboan zituela. Zaleak adi zeuden, argi, eta halaxe ekin zion oronoztarrak emanaldiari. Lehen abestiaren ostean, publikoa agurtu eta azken bi hilabeteak oholtzetatik kanpo egotearen arrazoia azaldu zuen. "Zerbait aurkitu didate burmuinaren eta belarriaren artean, baina lasai, ez da larria", lasaitu zuen publikoa. "Hori bai, albo-ondorioetako bat da zorabiatu egin nintekeela. Beraz, hori gertatzen bada, ez grabatu eta ez igo sareetara", gehitu zuen txantxetan.
Ondoren, berriena duen Zerrautsa diskoko kantuak zein zaharragoak, denak nahastu zituen, publikoaren gozamenerako. "Gauza bat aitortu behar dizuet. Zerrenda perfektua osatu dut gaurko. Baina, niretako perfektua dena, ez da hala alboan ditudan musikariendako, abesti bakoitzean gitarra aldatzen aritu behar baitira", adierazi zuen, berriz ere publikoaren algarak eraginez.
Kontatuko banizu, Ravean xuabe, naturala..azken diskoa ia goitik behera jo zuten, baita Tilin-talan ere. "Behin, ikusi nuen hileta batean oso jende gutxi zegoela eta pentsatzen jarri nintzen ea nire hiletara zenbat jende joango den ni hiltzean. Espero dut oraindik ez izatea, baina...", azaldu zuen. "Beraz, erabaki nuen nire hiletan adi egotea ikusteko zein dagoen eta zein ez; eta hala egingo dut", jarraitu zuen, irribarrez.
Klasikoenek ere izan zuten lekua Seminarixoko oholtzan, azken kontu bat argituz. "Bukatzean, ez gara berriz igoko oholtzara. Azkenaldian, kontzertuetan, nahasmen moduko bat sortzen da publikoan, 'beste bat' fenomenoarekin, eta guk erabaki dugu hori saihestea. Beraz, bukatzen dugunean, benetan bukatuko dugu". Hala, Saldu genizun, Behe klasekoa edota Denak begira daudelaik sartu zituen, besteak beste, amaiera parteko multzoan. Bukatzeko, baina, Biziak eta hilak aukeratu zuen.