Urria iritsi da, eta, horrekin batera, San Joxepe Erretiratuen Elkarteak antolatutako Kulturaldia ere bai. Aurten 28. edizioa ospatuko dute, hilaren 14tik 23ra, Esperientzia, geroari begira lelopean. "Gu adinekoak gara eta gure esperientziak badauka zeresana bizitzan", dio San Joxepeko lehendakari Inazio Ugartek.
Hainbat hitzaldi, emanaldi eta irteera antolatu dituzte hamar egun iraungo duen Kulturaldirako. Horietako bat izango da Bergarako Isladak taldeak hilaren 15ean taularatuko duen Elisabeth antzezlana. Bonnie Garmusen Lecciones de química eleberrian oinarrituta dago Elisabeth antzezlana. Ekainean estreinatu zuten, eta eguenean egingo dute emanaldia. Sarrerak salgai daude www.seminarixoa.eus atarian, bost eurotan. Urriaren 16an, 18:30ean, Ordiziko Umore Ona eta San Joxepeko abesbatzek emanaldia eskainiko dut Seminarixoan; urriaren 20an eta 21ean, berriz, Andoni Larrañagak Abertzaletasuna eta hainbat ikur hitzaldia emango du 18:30ean, San Joxepen, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Amaitzeko, hilaren 23an sari-banaketa egingo dute herriko ikastetxeetako ikasleekin.
Hainbat izen-emate, itxita
Hilaren hasieran zabaldu zituzten hilaren 17ko bazkarian eta 22ko irteeran izena emateko epeak, eta Ugartek aurreratu du dagoeneko plaza guztiak bete direla –bazkariko 90 eta ibilaldiko 110 –. 200 parte-hartzaile "ziurtatuta" dituzte; iazko zikloko jardueretan 378 pertsonak hartu zuten parte: "Aurten ere espero dugu horrenbeste jende".
Egitaraua, osorik
Honako egitaraua antolatu dute urriaren 14tik 23ra:
Urriak 14, eguaztena
- 18:00 La economia en modo sencillo hitzaldia, San Joxepen. Gaztelaniaz.
Urriak 15, eguena
- 19:30 Isladak antzerki sozialaren Elisabeth antzezlana, Seminarixoan. Sarrera: bost euro.
Urriak 16, egubakoitza
- 18:30 Ordiziko Umore Ona eta Bergarako San Joxepeko abesbatzen emanaldia, Seminarixoan. Doan.
Urriak 17, zapatua
- 14:15 28. Kulturaldiko herri bazkaria, oparien zozketarekin San Joxepen. Bukatzeko, musika eta dantzaldia. Izen-ematea itxita.
Urriak 20 eta 21, martitzena eta eguaztena
- 18:30 Abertzaletasuna eta hainbat ikur hitzaldia Andoni Larrañagaren eskutik, San Joxepen. Martitzenean, euskaraz; eguaztenean, gaztelaniaz.
Urriak 22, eguena
- 08:30 Txangoa Gernika eta Mundakara. Izen-ematea itxita.
Urriak 23, egubakoitza
- 15:30 Sari banaketa, San Joxepen. Parte-hartzaileak: Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia eta San Martin Herri Eskola.