Maddi Barrocal: "Txapelketa luzea izan da, eta gustura nago horrela borobildu dudalako"

Koldo Zubia Salas

Maddi Barrocal, pilotari ematera, CaixaBank-eko finalean. Irudia: M.B.

Maddi Barrocalek (Bergara, 2005), Naroa Agirre zestoarrarekin bikotea osatuz, Udara Caixa Bank-eko txapela irabazi zuen joan den asteburuan, Labriten jokatutako finalean. Bikoteak 22-8 hartu zituen mendean Iera Iturriaga eta Amaia Arrastia.

Txapelketa borobildu zuten, hiru hilabete luzez jokatutako partida guztiak irabazita.

Jokatutako partida guztiak irabazi eta Udara Caixa Bank Txapelketan emandako mailarekin pozik?

Txapelketa luzea izan da, uda osoan aritu gara jokatzen. Uztailaren 16an hasi ginen, Uztarrotzen, eta, joan den astean, urriaren 2an, amaitu dugu. Guztira, bost partida jokatu ditugu, eta bostak irabazi ditugu; oso gustura aritu naiz Naroarekin eta maila ona eman dugu multzokako fasean. Finalean ere ikusi zen sasoiko heldu ginela, eta, txapelarekin borobildu ostean, oso pozik nago.

Pilotan zaila izaten da denboraldi amaiera finkatzea. Baina txapelketa hori denboraldiko azkena izan dela esango zenuke?

Urte osoan jokatzen dugu. Berez, bai, gure atsedena udako txapelketen ostean izaten da; azaroa amaitu artean, behintzat. Baina iaz, lau eta erdiko txapelketa antolatzen hasi ziren tarte hartan, eta, egia esan, orain atseden gutxi izaten dugu. Hala ere, hilabete inguru izango dut orain atseden hartu, eskuak eta gorputza zaindu eta azaroan hasiko den lau eta erdiko txapelketa prestatzeko.

Iaz, lau eta erdikoan zeu izan zinen txapelduna. Hori errepikatzeko gogoz zaude?

Lau eta erdikoan bakarrik zaude kantxan, eta fisikoki gogorra izaten da hori. Iaz, estreinakoz antolatu zen txapelketa, eta aproposa da ni bezalako aurrelari batentzat. Gogoz nago txapelketa prestatu eta lehiatzeko.

Nola joan da profesionaletako bigarren denboraldia?

"Datorren urtera begira, Binakako Txapelketako finalera heldu nahiko nuke"

Profesionaletako bi urteak oso onak izan dira; urtez urte hobetzen ari naizela esango nuke. Binakako Txapelketatik hasita, finalerdietan, finaletik pauso batera gelditu nintzen, baina egindakoaren balorazio ona egiten dut. Bertso pilotan ere ibili gara; orduan ere ezin izan nintzen finalera heldu, baina udako txapelketetan hobeto ibili naiz. San Fermin torneoa irabazi nuen, Ane Mendibururekin batera; Plazaz Plaza txapelketan finalerdietan kanporatu ninduten, han ere ondo ibili nintzen; eta Caixa Bank Txapelketa ere irabazi dugu, maila ona emanda.

Ohitu zara hainbeste txapelketa jokatzera?

Bai; txapelketa bat jokatu eta hurrengoa dator segidan. Udan ere jaien bueltako partida asko jokatu ditugu; ez gara gelditu. Nire ustez, ondo dago asteburuero jokatzea, erritmoa ez gelditzeko; izan ere, geldituz gero, eskuek asko sufritzen dute. Niri jokatzea asko gustatzen zait, baina, egia esan, uda amaieran nekea nabari dut, eta ondo etorriko zait atseden hartzea.

Ez da erraza izango emakumezkoen pilota goraka doan heinean mailari eustea, ezta?

Pixkanaka, esku pilota goraka doa emakumezkoetan. Lehen, gutxi ginen, baina orain, dauden partiduekin eta jendea ere frontoira datorrela ikusita, emakume gehiagok ematen dute pilotan izena. Partida gehiago jokatzea ere albiste ona da; jendeak ikusi dezan emakumezkoen esku pilota ere hor dagoela.

Lau eta erdikoan bai, baina datorren urtera begira non duzu burua?

Datorren urtera begira, pilotan disfrutatzen jarraitu nahiko nuke, hori da-eta garrantzitsuena. Entrenatzen jarraitu, eta hobetzen jarraitu nahiko nuke beste pauso bat emateko. Txapelketen artean, Binakako Txapelketa irabaztea gustatuko litzaidake, oso garrantzitsua izaten delako, oso luzea ere bai; lau hilabete irauten du. Bi urtez jarraian finalerdietan gelditu naiz, eta ea, behintzat, finalera heltzeko aukerarik dudan datorren urtean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak