Mondragon Lingua BKEk ez du gaizki hasi mailaz igo osteko denboraldia. Lehenengo jardunaldian Tolosari irabazi zioten etxean (23-19), eta bigarren jardunaldian Txingudi Zubiederren aurka galdu egin zuten etxetik kanpo (25-18). Ondorioak ateratzeko goizegi bada ere, datorren asteko Egia Taupada Tabernaren aurkako norgehiagoka azterketa ona izango da taldearentzat. "Tolosaren aurka oso partida txukuna egin genuen, intentsitate handikoa, eta azken sei minutuetan errematatu genuen norgehiagoka. Bigarrenean, ordea, intentsitate maila hori ez genuen lehen zatian, behintzat, erakutsi", dio Asier Eguren entrenatzaileak.
Egurenek, sailkapeneko postu bati begira egon baino, nahiago du talde lehiakorra sortzea. Dioenez, "behera begira baino zerbait gehiago" egin dezaketela uste du: "Iaz, liga amaitu osteko Kopan, liga honetako onenen aurka lehiakorrak izan ginen, baina ez dut helburu zehatzik jarri nahi".
Etxeko partidak, giltzarri
Maila hori lortzeko bidean, etxeko partidek zeresan handia izango dutela dio Egurenek: "Ondo jokatzen dugu etxean, motibazio berezia ematen digulako. Gainerakoan, intentsitatea, kontzentrazioa, hutsegiteak ekiditea, defentsan lan ona egitea eta erasoan aukerak aprobetxatzea". Atsedenaren ostean, Egia izango dute aurkari. "Iazko kopan euren aurka jokatu genuen. Igoera fasea jokatu zuen taldea izanik, lehiakor aritu ginen. Hori errepikatzeko gaitasuna dugula esango nuke", amaitu du Egurenek.