Astelehenean hasi zituzten Urteagako bidegorriari jarraipena emateko bosgarren eta azken faseko lanak. 200 metro egitea baino ez da falta Bergara eta Antzuola bidegorriz lotzeko: Urteaga kalearen amaieratik Urteaga industrialdeko sarreraraino, hain zuzen ere.
Lau hilabeteko epea
Construcciones Zubieder SL enpresa ari da lanak egiten, 173.434,03 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne, eta, enpresak aurkeztutako eskaintzaren arabera, lau hilabeteko epea izango dute. Proiektu teknikoa Xabier Zabala Urriategi arkitektoak idatzi du, eta aurreikusten du bidegorria egungo GI-632 errepide zaharraren gainean eraikitzea, Udalaren esanetan, "ibilgailuen trafikoarekin bateragarritasuna bermatzeko eta segurtasuna lehenesteko".
Eraispen eta desmuntatze lanak, egiturak eta zoladurak egokitu, barandak eta babes elementuak jarri, instalazioa berritu eta margotze eta seinaleztapen lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Obrek iraun bitartean, oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen joan-etorriak ahalik eta gutxien oztopatzeko neurriak hartuko dituztela adierazi du Udalak.