Azokako ekoizle eta saltzaileei ahotsa emateko bidea izaten ari da Elikaenea, eta azokan antolatzen diren jarduerek ere herritarren interesa ere piztu dutela azaldu dute. Bi urte bete ditu Elikaenea eta ikasturte honetan ere, Verdury Hall jaia ospatuko dute urriaren 17an. Egun horretan, herrian ekitaldi ugari izango dira: erreka auzolana eta ostean, 14:30ean, bazkari herrikoia egingo dute. Bazkaltzeko paella prestatuko dute azokako produktuekin; ostean, 18:00etan, Amustei talde bergararrak kontzertua emango du. Bazkariko tiketak dagoeneko eros daitezke Elikaenean eta azokako postuetan 10 euroren truke.
Eguaztenak Oxirondon
Eguaztenero egiten dute Eguaztenak Oxirondon ekimena, eta urriaren 14rako ekintza berezia antolatu dute. Sagar kultura hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da, Aramaioko Iturrieta sagardotegiaren eskutik. Era berean, urriaren 28rako Gau Beltzerako prestaketa modura, gaztain erre jana egingo dute, eta azaroaren 18an, berriz, bertako haragiekin hanburgesak egiten ikasiko dute Bixain harategiaren eskutik.
Ikasturte berriko erronkak
Elikaenearen koordinazioari dagokionez, aurten azokako ekosistema eta gobernantza sendotzea eta zerbitzuen eta jardueren berri emateko komunikazioa indartzea izango dira haien lehentasunak.
Ekoizleekin, ekoizpenaren plangintza hobetzen jarraituko dute, elikagaien jarraikortasuna bermatu eta eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen arteko elkarlana sendotzeko: "Azpimarratzekoak dira batez ere horniketan emandako bilakaera postiboa eta ekoizle kopuruan eman den igoera. Kontsumitzaileei begira, belaunaldi gazteak erakartzea izango da erronka nagusietako bat, azokan eta elikadura burujabetzan ere haien lekua izan dezaten. Era berean, herritarren artean harrera ona izan duten jarduera praktikoei jarraipena emango zaie".
Elikadura burujabetza ardatz hartuta, Elikaenea herri-proiektu gisa sendotzen ari dela azaldu dute antolatzaileek, eta haien ibilbideak erakusten duela tokiko elikadura sistemak eraikitzea epe luzerako lana dela, "elkarlanean eta pausoz pauso" egin beharrekoa.