Olaso Dorrea Fundazioak hiru ekimen abiatu ditu lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena oroitzeko

Eneko Azurmendi Barrena

Kepa Akixo 'Zigor', Olaso Dorrea Fundazioarendako prototipoarekin. (Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa).

Telesforo Monzonek lehen Eusko Jaurlaritzan izandako ibilbideari buruzko argitalpena, Gernikako Adierazpena jasotzen duen oroitzapenezko lamina eta Kepa Akixo Zigor artista aretxabaletarra egiten ari den eskultura erabiliko dituzte urtemuga gogoratzeko. 

1936ko urriaren 1ean sinatu zuten Euskadiren Autonomia Estatutua, Elgetako Estatutua izenez ere ezaguna. Sei egun beranduago, urriaren 7an, eratu zuten lehen Eusko Jaurlaritza, Gernikan, Jose Antonio Agirre lehendakari zela. "Gerra betean sortutako gobernu hark euskal autogobernuaren historian mugarri bat ezarri zuen eta joera politiko desberdinetako ordezkariak bildu zituen. Telesforo Monzon bergararra Gobernazio sailburu izan zen gobernu hartan", azaldu du fundazioak.

Hori dela eta, 90. urte beteko dira bihar, eguaztena, eta hiru ekimen jarri ditu abian fundazioak, urtemugaren harira. Batetik, Telesforo Monzon lehen Eusko Jaurlaritzan (1936-1956) lana argitaratu du, Bergarako Udalaren laguntzarekin, eta datozen egunetan banatuko dute. Pako Sudupek idatzi du eta, funtsean, Monzonek lehen Eusko Jaurlaritzaren baitan egindako bi hamarkadako ibilbidea du ardatz. Irati Jimenez Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak idatzi du hitzaurrea.

Argitalpenak hiru garai nagusitan banatzen du ibilbide hori: Gobernazio kontseilari izan zen aldia (1936-1940); Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko ordezkari gisa egindako lana (1941-1946); eta Kultura kontseilari gisa Donibane Lohizunen garatutakoa (1946-1956). "Halaber, Monzonen eta Agirreren arteko harreman politiko eta pertsonala jorratzen du: adostasun handiak eta desadostasun sakonak izan zituzten arren, laguntasunari eutsi zioten Agirre hil arte. Lehendakariaren azken agurra Monzondarren Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean egin zen", azaldu du fundazioak.

Gernikako Adierazpenari keinua

Era berean, 90 urte. Gernikako Adierazpena izeneko lamina ere egin dute. 1936ko urriaren 7an osatutako behin-behineko Eusko Jaurlaritzaren gobernu-programaren oinarrizko puntuak jasoz, lehen gobernu hartako kideen izenekin. "Laminak dokumentu historiko haren edukia berreskuratu eta gaur egungo formatuan eskaintzen du, lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren esanahi politiko eta instituzionala gogora ekartzeko".

Bi bide, lotura bat

Azkenik, Olaso Dorrea Fundazioak Kepa Akixo Zigor eskultore aretxabaletarrari enkargatu dio Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon oinarri dituen obra bat. "Behin betiko eskultura brontzezkoa izango da eta une honetan prototipoaren garapen-fasean dago", dio fundazioak.

Zigor-en proposamenak bi pertsonaiak bi pieza bereiziren bidez irudikatzen ditu. Ez dira erretratu figuratiboak: bi bolumen autonomo dira, elkarrengana hurbiltzen direnak eta, bereizita egon arren, elkar osatzen dutenak. Hala, Agirre eta Monzonen arteko harremana du abiapuntu: "Bi ibilbide eta ikuspegi, batzuetan desberdinak, baina lotura pertsonal eta politiko sakon batek elkartuak. Eskultura-proiektuaren planteamenduak, hain zuzen, bi bide, lotura bat ideia du oinarri.

Bergararekiko "lotura berezia" ere nabarmendu du fundazioak. "Monzon Olaso Dorrean jaio zen, eta Agirreren familiak ondoan zuen etxea. Ondoren, Errepublika garaian eta lehen Eusko Jaurlaritzan, elkarrekin egin zuten beren ibilbide politikoaren zati garrantzitsu bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak