Emanaldiaren berezitasunetako bat izan da pantaila baten bidez musikarien lana gertutik ikusteko aukera izan dutela elizan bildutakoek. Horrela, beheko aldean kontzertua entzuten ari ziren bitartean, organistek instrumentuan nola jotzen zuten ikusi ahal izan dute.
Kontzertua Duo Concertante a Quattro bikoteak eskaini du, Pablo Márquez Caraballo eta Atsuko Takano organo eta klabezin jotzaileek osatua. 2012an ekin zioten bikote gisa jarduera artistikoari, bi musikariak Amsterdamgo eta Hagako kontserbatorioetan organo eta klabezin ikasketak amaitzen ari zirela. Ordutik, bi organorentzako edo klabizinetarako errepertorioan sakondu dute, eta orkestrarako hainbat obraren transkripzioak ere landu dituzte.
Gaurko egitarauan, besteak beste, Ludwig van Beethovenen lanak, Claude Debussyren "Nuages" eta Pablo Márquezek berak sortutako "Japanese miniature for Iberian organ a four hands" pieza izan dira. Azken hori "Sakura Sakura" japoniar abesti tradizionalean oinarrituta dago.
Beste bi kontzertu datozen asteetan
Organo Erromantikoaren Zikloak, Bergaran, beste bi hitzordu izango ditu datozen domeketan: urriaren 11n, Mikel Ansola organistak eta Aitor Garitano tenore bergararrak joko dute; eta urriaren 18an, Jacob Benda organistak emango dio amaiera zikloari. Bi emanaldiak 18:30ean izango dira, San Pedro elizan.
