XVIII. Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra, argazkitan

Eki Letona Erretolatza

Hiru egunetan zehar, txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren inguruko hainbat proposamen izango dira Bergarako areto, plaza eta bestelako guneetan, Euskal Herriko nahiz nazioarteko konpainien eskutik.

Bergarako XVIII. Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra atzo hasi zen.  Pulcinella Txio-Txinela ikuskizuna egin zen Olaso Dorreko lorategian. Euskal Herriko konpainiaren proposamenaz gain, Estacion Paraiso ikuskizuna ere izan zen 20:00etan Seminarixoan, La Maquine konpainiaren eskutik.

Egubakoitzeko egitarauan, gainera, Wind & Soul erakusketa zabaldu zuten Aroztegi aretoan. Rauxa konpainiaren lana da eta asteburu osoan zehar egongo da ikusgai. 19:00etan, bestalde, Antzuola saioa izan zen Torresoroan, Palestinako Ramalako Tantura antzerki taldeko kideen eskutik. Taldeak Bergarako Txotxongilo Mostran parte hartuko du asteburuan.

Haritik Tiraka ikuskizuna

12:30ean Haritik Tiraka ikuskizuna Laboratorium museoaren atzeko aterpean egin dute. Bitsa Konpainiaren lana da, Euskal Herrikoa, eta emakume baten bizitzaren haritik tiraka jostun tailerreko errekadista baten istorioa kontatzen du. Pertsona anonimoak plazaren erdira ekarri eta eguneroko ekintzak balioz eta poesiaz betetzen ditu.

Ikusleak "hunkituta" Olvido Flores ikuskizunarekin

Arratsaldean, berriz, Olvido Flores ikuskizuna izan zen protagonista Aranzadi ikastolako patioan. Estefania de Paz Asinen lana lau aldiz eskaini zuten, 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Ikuskizuna karabana baten barruan egiten da, eta emanaldi bakoitzean hogei bat lagun inguruk hartu dute parte; karabana beteta egon da.

Ikusleen artean, gainera, harrera ona izan du proposamenak. Emanaldiaren ondoren, hainbat ikuslek istorioa "oso polita eta hunkigarria" izan dela nabarmendu dute, eta Estefania de Paz Asinen lana ere goraipatu dute.

Olvido Flores lanak 1936ko uztailean Nafarroako Lodosan gertatutakoak ditu ardatz. Circo Anastasini taldearen istorioa abiapuntu hartuta, zirkua, poesia eta gerra uztartzen ditu, objektuen hizkuntzaren bidez. Memoriari eta ahaztutako pertsonei egindako omenaldia da.

Eguna borobiltzeko, gaur iluntzean, Saeta ikuskizuna egon da 20:00etan Seminarixoan, Javier Aranda konpainiaren eskutik.

Bihar, Palestinatik Valentziara

Mostraren azken jardunaldia bihar, domekan izango da, eta egitarauak nazioarteko presentzia izango du berriro ere. 12:30ean, Títeres de Palestina izango da Kartzela Zaharrean, Palestinako Titeres Tantura taldearen eskutik.

Arratsaldean, 19:00etan, Anónimos ikuskizuna izango da Seminarixoan. Rauxa konpainiaren lana da, Katalunia eta Argentinako partaidetzarekin. Eta 20:00etan, Aquiles ikuskizunak hartuko ditu Bergarako kaleak. La Fam Teatre konpainiaren proposamena da, Valentziakoa, eta kaleetan zehar egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak