Ekinez jaialdiko lehen 20 taldeak ezagutarazi eta sarrera fisikoak salgai jarri dituzte

Oier Zumarraga Aranburu

2027ko ekainaren 3an, 4an eta 5ean egingo dute jaialdia Labegaraietan; lehen sarreren salmentak erantzun handia izan du.

Ekinez jaialdiaren 2027ko edizioa forma hartzen hasi da. Antolatzaileek jaialdian ariko diren lehen 20 taldeen berri eman dute, eta iragarpenak ikusmin handia sortu du. Ekainaren 3an, 4an eta 5ean ospatuko dute jaialdia, Bergarako Labegaraieta auzoan, eta 40 talde inguru biltzea aurreikusten dute.

Arene 6, Nogen, Rude Pride, Bengo, Tatta, Streetwise, Skabidean, Azken Sustraiak, Sukena, Sembrando Kaos, Golpe de Estado, Au d'Asti, Skaregekasko, Mikosis, Lehen Lerroa, Sustral Berriak, Malko, Odolkiak Ordainetan, Cold Revenge eta In Your Face dira iragarritako lehen taldeak.

Rude Priden itzulera

Nabarmentzekoa da Rude Pride madrildarren itzulera: 2023an eman zuten azken kontzertua, eta Ekinezen itzulera kontzertua joko dute. Euskal eszenarekin harreman estua duen eta inguruotan oso ezaguna den taldea izanik, emanaldi berezia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Ane Loidi antolakuntzako kideak azaldu duenez, 40 talde inguruko jaialdia osatzea da asmoa. Kaleko musikaren topagune izaten jarraituko du Ekinezek, baina genero desberdinei ere lekua egin nahi diete: "Aniztasuna bilatu dugu". Antolakuntzako kideak gaineratu du 2026an "itzalpean" lanean aritu direla, eta pixkanaka ari direla hurrengo edizioko xehetasunak lotzen.

Sarrerak, ziztu bizian

Taldeen iragarpenak ez ezik, sarreren salmentak ere erakutsi du hurrengo edizioak piztu duen interesa. Aurreko astean Internet bidez salgai jarritako lehen 500 sarrerak hamabost minutuan agortu ziren.

Salmenta fisikoak ere erantzun handia izan zuen atzo. Lehen 20 taldeen kartela aurkeztearekin batera, prezio murriztuko sarrera fisikoak jarri zituzten salgai Irala kalean, eta jende ugari gerturatu zen horiek eskuratzera. Antolatzaileen arabera, sarrerak "ziztu bizian" saldu ziren.

Guztira, 1.200 sarrera inguru saldu dituzte dagoeneko. Gaurtik aurrera, sarrera fisikoak Aretxabaletako Urbaltz, Arrasateko Osorik, Oñatiko Boga eta Bergarako Usoa tabernetan egongo dira salgai. Aurrerago, Euskal Herriko beste hainbat txokotara ere zabalduko dute salmenta, eta sare sozialen bidez iragarriko dute pixkanaka sarrerak non eta noiz eskuratu ahal izango diren. Internet bidez, berriz, asteartetik aurrera jarriko dituzte salgai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak