Bergarako lehen emanaldia urriaren 4an izango da. Duo Concertante A Quattro bikoteak joko du, Pablo Marquez eta Atsuko Takano organistekin. Astebete geroago, urriaren 11n, Mikel Ansola organista eta Aitor Garitano tenore bergararra izango dira protagonista. Zikloa, Bergaran, urriaren 18an amaituko da, Jacob Benda organistaren emanaldiarekin.
Garitano eta Ansolaren kontzertuan musika erromantikoa izango da ardatza. San Pedroko organoa 1889koa izanik, garai horretako konpositoreen lanetan oinarritutako egitaraua prestatu dute. "Apur bat garai horretan oinarritu gara, garai horretako konpositoreek idatzitako musikan", azaldu du Garitanok. Besteak beste, Mendelssohnen eta Fauréren lanak interpretatuko dituzte.
Garitanorentzat "izugarria"
Bergarako tenoreak harreman estua izan du zikloarekin urteetan. Izan ere, aurretik ere parte hartu izan du Organo erromantikoaren zikloan, Bergarako Orfeoiarekin, Musika Eskolarekin eta beste talde batzuekin. Orain, aukera berezia du bere herrian bakarka kontzertua eskaintzeko. "Zikloa urte askotan jarraitu izan dut, eta talde bezala ere parte hartu izan dut. Ni nire bidea egiten ari naizela orain, nire herrian eta organoa konpondu berri, kontzertua eskaintzea izugarria da niretzat".
Garitanok San Pedroko organoaren zaharberritze-lana ere nabarmendu du. Haren ustez, herritarrentzat aukera ona izango da instrumentua ezagutzeko. "Bergarako organoa hainbeste urtetan konpontzeko esfortzu handia egin da. Herriarentzat kontzertu berezia izango da, eta jendea hurbiltzera gonbidatzen dut".
Organoa zaharberrituta
Maite Usabiaga Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak ere San Pedroko organoaren garrantzia azpimarratu du: "edizio bakoitzak proposamen berriak eta organoaz beste modu batera gozatzeko aukerak eskaintzen dizkigu. Bergararen kasuan badaukagu ziklo honi ekarpen berezia egiteko aukera ematen digun altxor bat: San Pedroko organo erromantikoa", azaldu du.
Duela urte gutxi organoa zaharberritzeko egindako lana ere ekarri du gogora. "Ahalegin handia egin genuen organoa zaharberritzeko eta gure ondare kulturalaren parte garrantzitsu bat berreskuratzeko. Gaur egun ikusten ari gara ahalegin hark merezi izan zuela", esan du Usabiagak. Haren esanetan, zaharberritzeak "aukera berriak" ireki ditu herrian eta organoaz gozatzeko moduak ugaritu ditu.
Askotariko artistak
Aurtengo egitarauari dagokionez, Usabiagak nazioarteko ibilbidea duten artistak eta gertuko musikariak uztartzea nabarmendu du. "Nazioarteko ibilbidea eta ospea duten artistak izango ditugu, eta hori azpimarratzekoa da. Baina, aldi berean, gertuko musikariak eta etxekoak ere izango ditugu. Horien artean, Aitor Garitano. "Aitor bergararra da, eta guretzat harrotasun handia da. Horregatik, etxean entzuteko aukera izatea plazer berezia izango da".
Loiolan eta Azkoitian, baita
Bergaraz gain, Loiolan eta Azkoitian ere izango dira kontzertuak. Loiolako Basilikan hiru emanaldi egingo dituzte, gaur, urriaren 2an, 9an eta 16an. Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, berriz, lau kontzertu izango dira, urriaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.