Gudari Eguna ospatu dute Bergaran, Txiki eta Otaegiren fusilamendutik 51 urtera

Hasier Larrea

Sortuk Euskal Herrian antolatu duen ekitaldietako bat izan da Bergarako Irala kalean gaur eguerdian egindakoa. Hizlariek, txalapartariek, bertsolariek, dantzariek, musikariek eta marrazkilariek egin dute ekarpena oholtza gainean, Euskal Herri libre bat aldarrikatuta.

Dozenaka pertsona elkartu dira gaur Sortuk Bergaran deitu duen Gudari Eguneko ekitaldian. Nazio askapen mugimenduan urrats berriak emateko garaia dela azpimarratu dute, duela 51 urte gertatutakoari erreferentzia eginez: "Azkenetan zegoen erregimen frankistak Txiki eta Otaegi heriotza zigorrera kondenatu eta fusilatu zituen 1975eko irailaren 27an. Geroztik, gorriz markatutako eguna da, urtero oroimenez eta aldarrikapenez bizi duguna. Erailketa harekin, erregimenak Trantsizio deiturikoaren mugak markatu gura izan zituen. Ez zuten nazio askapen mugimenduarekin amaitzerik lortu, borrokan jarraitu zuelako. Harro gaude Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan aritu ziren, ari diren eta arituko direnen komunitatea izateaz", esan du Ibai Sanz Zubizarreta Sortuko kideak.

Aurtengo ikasturterako hiru erronka nagusi finkatu ditu Sortuk: "'Preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzea helmugaraino betetzea; Estatus politikoaren inguruko eztabaidan ahalik eta burujabetza kuota handiena lortzea, Euskal Herria askatzeko bidean; eta mundu mailan, Europa mailan eta Espainia mailan dagoen indar erreakzionarioari aurre egitea, Ipar Euskal Herrian EH Bairen bitartez, eta Hego Euskal Herrian EH Bilduren bitartez". 

Adierazpen politiko eta artistikoak

Maite Aristegik aurkeztutako ekitaldiak hainbat ertz izan ditu: Osto eta Txapiren txalaparta-doinuek  Unai Arantzabalen bertsoei eman diete paso; segidan, elkarrizketa baten bidez borrokatzeko grina pil-pilean dagoela mahai gaineratu dute Julen Prieto eta Markel Eguren gazteek. Sorturen diskurtso politikoa, berriz, Ibai Sanz Zubizarretak irakurri du. 

Adierazpen artistikoek ere izan dute tokia. Izar Odriozolak olerkia irakurri du Julen Garmendia saxofonistak Martxa baten lehen notak interpretatzen zuen bitartean. Irena Larrañaga eta Maddi Arando abeslariek pare bat abesti jo dituzte: Mendigoixaliarena eta Txikia. Agurra abesten ere geratu dira, Maren Atxa eta Inar Cabo dantzarien pausoak markatzeko.

Egitarau hori guztia garatu bitartean, oholtzan egokitutako mihisean marrazten aritu da Iñaki Aldazabal. Bukaeran erakutsi du emaitza: arrosa bat, Loturak Askatzera hitzekin lagunduta.

Ekitaldia Eusko Gudariak abesten amaitu dute, eta trikipoteoan murgildu dira Irala kalean barrena. Bertaratutako batzuk Artatsen geratu dira bazkaltzen.

Erlazionatuak

Gudari Egunak emandakoa, argazkitan

Hasier Larrea ira 27, 16:06 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak