Emakumeen pilota protagonista Bergaran

Eki Letona Erretolatza

Emakumeen pilota sustatzeko antolatutako topaketa egin dute gaur arratsaldean Bergarako frontoian. Herriko eta kanpotik etorritako pilotariek hartu dute parte, eta partiduez gain, barru herrikoia ere egin dute. Eguneko partida nagusian, Bergara-Arrizabalagak 22-12 hartu ditu mendean Zabala-Garai.

Emakumeen pilota protagonista izan da gaur arratsaldean Bergaran. Arratsaldeko bostetan hasi den topaketan giro ederra izan da nagusi ekitaldi osoan zehar. Helburua argia zen: emakumeen pilota ikusaraztea eta emakume gehiago frontoietara eta pilotara gerturatzea.

Lehenengo partidan, Bergarako Polanco eta Larrañagak, Lemoako Ortuondo eta Lopez izan dituzte aurkari. Bergararrek nagusitasunez jokatu dute eta 18-4 irabazi dute partida.

Ondoren, San Torcuatok eta Larrañagak osatutako bikoteak Andrinua eta Zubizarreta izan ditu aurrez aurre. Bigarrenek lortu dute garaipena, 13-8ko emaitzarekin.

Emakume guztiak kantxan

Lehenengo partidak amaituta, barru herrikoiaren txanda izan da. Animatu diren emakume guztiek izan dute eskupilotan jolasteko aukera, eta parte-hartzaile kopuruari erreparatuta, bi txandatan egitea erabaki dute antolatzaileek: lehenengo gaztetxoenek jokatu dute, eta ondoren nagusiagoek.

Gainera, pilotari profesionalek ere bat egin dute barruarekin, eta une bereziak utzi ditu jarduerak. Frontoian bildu diren pilotazaleek aukera izan dute, beraz, emakumeen pilota gertutik ikusteko eta protagonista izateko.

Bergara-Arrizabalaga nagusi 

Ondoren iritsi da arratsaldeko partida nagusia. Alde batetik, Arrate Bergara eta Olatz Arrizabalaga; bestetik, Irati Zabala eta Leire Garai. Hasiera parekatua izan da, eta lehen zatian alde txikiko markagailua izan dute bi bikoteek. Atsedenaldira 12-9 iritsi dira. Bigarren zatian, ordea, Bergara-Arrizabalagak tartea zabaldu dute eta azkenean 22-12 nagusitu dira. Aldez aurretik aipatu duten bezala "gaurkoan emaitza gutxienekoa zen".

Emaitzaz harago, Arrate Bergarak azpimarratu du horrelako ekitaldiek emakumeen pilota sustatzeko duten garrantzia. "Gaur bezalako topaketak antolatzea garrantzitsua da emakumeak frontoira gerturatzeko", azaldu du. Aurrerapausoak eman direla aitortu arren, pilotari bergararraren ustez oraindik badago zer egin. "Aurrerapasoak eman dira, baina emakumeek beldurra kendu behar diote frontoira etortzeko, eta gaurkoa animatzeko eguna izan da".

Bergararen esanetan, erreferenteak izatea ere garrantzitsua da belaunaldi berrientzat. "Guk garai batean ez geneukan emakume erreferenterik pilotaren munduan, eta gaur egun gu izatea oso polita da. Neska-mutilei pilotak sinatzea hunkigarria da".

Leire Garairi sorpresa

Une berezi bat norgehiagoka nagusiaren aurretik iritsi da. Arrate Bergarak mikrofonoa hartu eta hitz batzuk eskaini dizkio, gaurkoan aurkari, bere lagun Leire Garairi. Garaik belaunean lesio larriak izan ditu azken urteetan, eta duela gutxi itzuli da berriro pilotan jokatzera.

Koadro bat oparitu dio Garairi, haren argazkiekin eta hitz bereziekin: "Pelota asko maite duen pertsona bat da, eta bi urte gogorrak pasatu ditu eta on guztia merezi du". Garaik hunkituta jaso du oparia.

Emakumeen pilotari ikusgarritasuna emateko

Gaurko topaketaren atzean dagoen helburua emakumeen pilotari Bergaran ikusgarritasuna ematea da. Arrate bera duela bi urte inguru hasi zen herrian emakume talde batekin pilota entrenatzen. Zortzi emakumek osatzen dute taldea, 24 eta 40 urte artekoek, eta Bergarako Pilota Klubaren barruan entrenatzen dute astean behin.

Bergararen arabera, halako egunek balio dute emakumeak frontoira hurbiltzeko eta pilotan aritzera animatzeko. Gaurko arratsaldeak, beraz, helburu horretan beste urrats bat eman du: pilota, emakumeak eta frontoia protagonista izan dituen egun batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak