Mahai tenisa Bergarara gerturatzeko asmoarekin, zenbait ekintza abiatu dituzte azken egunotan Markel Bilbatua eta Jokin Galiacho gazte bergararrek. Joan den astean, herrian sortu berri duten Bergara Mahai Tenisa taldea ezagutarazteko ate irekien hiru jardunaldi egin zituzten (astelehenean, eguaztenean eta egubakoitzean). Asteburura begira, gaur, zapatua, mahai tenis txapelketa herrikoia antolatu dute, eta adin eta maila guztietako jokalarien topaleku izan da Ipintza institutuko gimnasioa.
Txapelketari dagokionez, lau multzotan banatu dituzte parte hartzaileak —lau jokalariko hiru multzo eta bosteko bat—, eta multzo bakoitzeko bi jokalari onenak hurrengo fasera sailkatu dira. Gainontzekoek, aldiz, haien artean jokatu dute hurrengo fasea. Ander Etxanizek irabazi du txapelketa, eta Sergio Salgado eta Ibai Fernandez izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak. Txapelketaren balorazioa "oso positiboa" izan dela nabarmendu du Galinchok: "Beldur ginen, ez genekielako ea jendea animatuko zen ala ez. Baina lehen egunetik harrera bikaina izan dute antolatutako ekintzek, eta bai txapelketarako eta bai ate irekietarako, jende askok idatzi digu. Lehen aldiz egindako txapelketa bat izateko, balorazio oso ona egiten diogu".
Bergara Mahai Tenisa
Bilbatua eta Galiacho duela urtebete inguru hasi ziren elkarrekin mahai tenisean jokatzen, eta Debagoienean talderik ez zegola ikusita, Bergaran talde bat sortzea erabaki zuten. "Udaletxearekin eskakizunak egin ostean, lortu dugu Ipintza Institutuan mahai tenis talde bat sortzea. Ikusten dugu jende asko dagoela kirolean interesatuta, baina azkenean oztopo handi bat da Iruneraino edo Gasteizeraino joan behar izatea kirola probatzeko", adierazi du Bilbatuak. Mahai Tenis Taldeak urrian hasiko ditu saioak, eta taldea ezagutzera emateko hainbat ekintza antolatu dituzte irail amaieran "Jendea taldera gerturatzeko" helburuarekin.
Bilbatuak azaldu du ateak zabalik izango dituztela edonorendako: "Azkenean mahai tenisa oso kirol inklusiboa da, eta mundu guztia animatzen dugu gugana etortzera".
Harremanetan jartzeko
Ipintza institutuko batxilergoko gimnasioan egingo dituzte saioak, eta astelehen, eguazten eta egubakoitzetan izango dira arratsaldeko bostetatik zazpietara. Taldearekin harremanetan jartzea posible da 630 71 72 55 telefonora deituta, bergaramahaitenisa@gmail.com helbidera idatzita, edota @bergaramahaitenisa instagram kontura idatzita.