Jesus Mari Ugalde: "Hodei batean nago; pozez, gogo onez eta esker onez jasoko dut saria"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarria. (Argazkia: Laboratorium).

Astelehenean ospatuko dute Bergaran Wolframaren Eguna lehendabizikoz, eta orduan jasoko du Enbaxadore Saria Jesus Mari Ugaldek (Bergara, 1957), EHUko Kimika Fisikoko katedradunak. Ekitaldia 12:00etan izango da, Seminarixoan, eta egun horretarako doako bisita gidatuak antolatu dituzte.

Enbaxadore Saria jasoko duen lehendabiziko bergararra izango zara, eta, ezer baino lehen, zorionak! Nola hartu zenuen albistea?

Lehendabizi, gustura. Bigarrenez, sorpresa handiz. Edo lehenengo, sorpresaz, eta gero, gustura, ordena ez dakit zein izan daitekeen. Oraindik ere ikusten duzu hitzen faltan nagoela. Ezin dut esan zer den hau, neuk ere ez dakidalako. Onenean ere ez dudalako neure burua ikusten horrelako sari bat jasotzen. Horrela erabaki dute, eta nola esango diet ezetz... Hodei batean nago; pozik, gogo onez eta esker onez jasoko dut saria, jakina.

Zure ibilbide profesionalagatik eta lan horretan Bergara proiektatzeagatik jasoko duzu aitortza.

Bergarak baditu merituak eta elementuak mapan kokatu ahal izateko. Wolframa bertan isolatu ahal izateak, maila goren-goreneko esperimentu kimikoa bertan egiteak, horrek merezi du Bergara mapan kokatzea, baina mundu mailako mapan. Aurkikuntza kimiko gakoa izan zen. Nobel saririk ez zegoen garai hartan; egon izan balira, Elhuyar anaiek lortuko zuketen. Orduan, meritua ez da nirea; Bergararena da.

"Nobel saririk ez zegoen garai hartan; egon izan balira, Elhuyar anaiek lortuko zuketen"

Wolframaren Eguna lehen aldiz antolatzea zer iruditzen zaizu?

Ideia ona. Laboratoriumen prozesu osoa jarraitu dut, eta iruditzen zait bilakaera naturala izan dela. Laboratorium museoa jarri da, hainbat ekintza ere baditu, nire ustez eredugarriak direnak, eta une honetan, Wolframaren Eguna. Hori egin behar zen. Neuk ere ez neukan buruan hori, baina egin dutela ikustean pentsatu dut hauxe tokatzen dela orain. Jarraitu dezala bide horretatik, Euskal Herri osoak jakin dezan Bergaran wolframa isolatu zela. Uste dut, tamalez, euskal herritar gutxik dakitela, eta gutxiagok dakite zein izan zen horren eragina edo ondorioa. Europako Fisika Elkarteak Bergara zientziaren leku historiko izendatu izanari ez dio garrantzirik eman gizarteak. Egin behar da, baina urratsez urrats.

Gaur egun zertan zabiltza?

Ikasten; kar-kar. EHUko irakasle lanetan jarraitzen dut, eta ikerketa lanetan ere bai. Orain arte, taldeburua izan naiz, baina orain, bekaduna. Horrek denbora gehiago ematen dit nire ideiei arreta gehiago eskaintzeko. Kimika teorikoa da nire lan esparrua, baina, horretaz gain, beste hainbat tokitan nabil: filosofia dela, adimen artifiziala, konputazio kuantikoa... Horiei buruz ikasten nabil. Jakiundeko artikulu zientifikoekin ere banabil. Abenduan Jose Azurmendi filosofo handiaren omenez egingo da kongresu bat, eta han hartuko dut parte. Ea zer esan dezakeen kimikari ezjakin batek halako filosofo handi baten ekarpenei buruz. Orduan konturatzen naiz zein gutxi dakidan. 

Zer mezu bidaliko zenieke zientziaren munduan hasi nahi duten bergarar gazteei?

Bergaran harrobi ona dago. Esango nieke lana dela kontua. Zientzian eta bizitzako arlo gehienetan hiru arlo daudela uste dut: lehendabizi, irakurri egin behar da; gero, aztertu; eta azkenik, ikasi. Hiru urratsak egin behar dira bata bestearen ondoren, baina denak egin behar dira. Helburua jakitea da, ez irakurtzea bakarrik. Horretarako, lan egin behar da. Pazientzia hartuz eta norbere buruarengan konfiantza izanez. Zorte pixka bat behar dela ere egia da. Norbere bidea egin, gustura, bidezidorrik aurkitu gabe. Ez dago bidezidorrik. Pedro Miguel Etxenikek esaten du zientzian %95 dela lana; %5 bakarrik zortea. Lan gustagarria da hau; hori da kontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak