1991n egin zuten lehenengoa, eta ordutik proiektua bizirik mantentzeko Bergarako publikoaren "fideltasun erabatekoa" ezinbestekoa izan dela azaldu du Itsaso Azkarate zuzendariak: "Bergara bezalako herri batera nazioarteko ikuskizunak ekartzea kultura justizia egiteko gure modua da".
Askotariko teknikak
Aurtengo programazioan askotariko formatu eta teknikak ikusi ahal izango dira. La Fam Teatreren Aquiles lanak bost metro inguruko erraldoia eramango du kalera; Estefania de Paz Asinen Olvido Flores karabana baten barruan egingo dute; eta Zurrunka Teatroren Pulcinella Txio-Txinela euskaraz izango da. "Aurten gauza oso desberdinak izango dira ikusgai: karabana txiki bateko ikuskizuna, baina baita bost metroko txotxongilo erraldoi bat ere".
Diziplina eta mugarik gabeko eszenarekin egingo dute topo zaleek. "Plazak, aretoak eta gune alternatiboak topaleku bihurtuko dira. Formatu handiko kaleko antzerkia, zirkua, objektuen lirismoa eta erresistentziarako tresna gisa ulertutako artea elkarrekin biziko dira".
Haizea eta arima
Aurtengo proposamen berezienetako bat Wind & Soul erakusketa izango da, Rauxa konpainiarena; Aroztegi aretoan egongo da ikusgai asteburu osoan. Txotxongiloak material sinpleekin sortu dituzte, eta haizearen indarrak bakarrik mugituko ditu: "Hemen haizea bakarrik dago, eta horrek ematen dio mugimendua eta bizia. Aurrekari gabeko erakusketa da; oso berezia eta magikoa da".
Instalazioa, bertan behera
Hasiera batean, programazioan aurreikusita zegoen Lorategi Bizi instalazioa, baina, azkenean, ez da egingo. Azkaratek azaldu du eguaztenean, irailaren 23an, hartu zutela erabakia, proiektuarekin sortutako arazo batzuen ondorioz. "Azken batean, bertan behera gelditu da Lorategi Bizi. Aurrerago egiteko daukagu pentsatuta, beste formatu batekin", azaldu du.
Palestinako esperientzia
Kartzela zaharrean, Palestinako Tantura txotxongilo taldeko kideek beren esperientzia azalduko dute eta umeekin egiten duten lana erakutsiko dute, txotxongiloak hezkuntzarako eta erresistentziarako tresna gisa ulertuta. Azkaratek herritarrak Txotxongilo Mostrara joatera animatu ditu: "Asko disfrutatuko dute ikuskizunekin".