Zortzi ikuskizun, instalazio artistikoa eta erakusketa Bergarako Txotxongilo Mostran, urriaren 2tik 4ra

Larraitz Zeberio Lekuona

Txotxongiloak ez dira soilik umeendako, eta aldarrikapen horrekin dator aurten ere Taun Taun Teatroak bi urtean behin antolatzen duen jaialdia. Itsaso Azkarate zuzendariak ziurtatu du Bergarako publikoaren "fideltasun erabatekoa" dela jaialdiaren benetako motorra. Edizio honek nazioarteko proposamenak, tradizioa, abangoardia, elkartasuna eta tokiko elkarteekin partekatutako sorkuntza inklusiboa uztartuko dituela gaineratu du. 

Taun Taun Teatroak Bergarako Nazioarteko Txotxongilo Mostraren XVIII. edizioaren berri eman du. 1991n egin zuten lehen aldiz eta urte hauetan guztietan proiektua bizirik mantendu bada aretoak betetzen dituen publikoaren fideltasunari esker dela azaldu du Mostraren zuzendari Itsaso Azkaratek. 
 
"Bergara bezalako herri batera nazioarteko ikuskizun ezberdinak ekartzea kultura justizia egiteko gure modua da", azaldu du Azkaratek. Gaineratu duenez, askotan badirudiela modernitatea edo proposamen arriskutsuak hiri handietan bakarrik gertatzen direla, baina "antzerki onaz gozatzeko gogoa eta sentsibilitatea" ez daudela bizi zaren tokiaren menpe eta herri batean horrelako jaialdiek auzokideak batzen dituela eta kaleak biziz betetzen dituela.
 

Erraldoiak, tradizioa eta auzo-memoria kalean

Mostrarekin bat egingo dute zaleek emozioa, diziplina eta mugarik gabeko eszena-hizkuntzen mosaiko batekin egingo dute topo esan du Azkaratek. "Plazak, aretoak eta gune alternatiboak topaleku bihurtuko dira, non formatu handiko kaleko antzerkia, zirkua, objektuen lirismoa eta erresistentziarako tresna gisa ulertutako arte konprometitua elkarrekin biziko diren".
 
Kalerik kale, LA FAM Teatre konpainiaren Aquiles ikuskizunak hirigunea irauliko du lau metro baino gehiagoko koloso artikulatu batekin. Bestalde, plazek Zurrunka Teatroren Pulcinella Txio-Txinela lanaren erritmo bizia hartuko dute. Inguru berean, Bitsa Konpainiaren Haritik tiraka proposamenak kaleko antzerkia eta musika uztartuko ditu, auzoetako eguneroko oroitzapenak ahanzturatik salbatzeko.
 
Formatu berezi eta poetiko batean, Estefania de Paz Asinek bere karabanaren barruan hartuko du publikoa Olvido Flores lanarekin, non memoria historikoari eta ahaztutako zirkuari omenaldia egingo dion.
 
Aretoko ikuskizunetan ikusleak Javier Arandaren Saeta lanarekin txundituko dira. Gune berean, La Maquinek Estacion Paraiso lan sarituaren ateak irekiko ditu.
 

Haizeak mugitutako txotxongiloak eta herri-artea

Ohiko agertokietatik kanpo, Rauxa Ciak Wind and Soul erakusketa aurkeztuko du. Esperientzia bisual berri honetan, txotxongiloek ohiko hariak hautsiko dituzte erakusketa-gune batean: teknika berritzaile baten bidez, piezek bizia eta mugimendu autonomoa hartuko dutelarik, haizearen indarrak bakarrik bultzatuta.
 
Mostraren bihotz sozialak Olaso Dorrean izango du lekua. Ondare historikoko esparru horretan, sorkuntza-esperientzia inklusibo bat ezagutzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, erakusketa herriko hainbat talde eta elkarterekin egin da; izan Uliazpi, San Joxepe, Aspace eta Goyenetxe.
 

Elkartasun leihoa Kartzela Zaharrean

Konpromiso sozialak eta nazioarteko begiradak Kartzela Zaharra izango dute epizentro. Gune historiko horrek topaketa berezi bat hartuko du Tantura Palestinako txotxongilo antzerki talde ezaguneko kideekin. Lekukotasunetan oinarritutako solasaldi baten eta zuzeneko erakustaldi praktiko baten bidez, Ramalako konpainiak aditzera emango du txotxongiloak nola bihurtzen diren erresistentziarako, hezkuntzarako eta kultura-nortasuna babesteko tresna indartsu bat zailtasunen aurrean. Hori guztia eta gehiago urriaren 2tik 4ra, Bergarako Txotxongilo Mostran.
 
Egitaraua hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak