Adinekoen Nazioareteko Eguna ospatuko dute Bergaran

Koldo Zubia Salas

Antolatzaileak Adinekoen Nazioarteko Eguneko programazioa eskuetan dutela, Muniben. Irudia: Bergarako Udala.

Bergarako Adinekoen Kontseiluak eta Bergarako Udalak, hainbat jarduera antolatu dituzte Adinekoen Nazioarteko Egunaren bueltan, irailaren 21etik urriaren 2ra bitartean.

Urriaren 2an izango da Adinekoen Nazioarteko Eguna, eta, egun horren bueltan, adineko pertsonen parte hartzea eta aisialdia sustatzeko hainbat jarduera izango dira Bergaran.

Bergarako adineko pertsonak ikustarazi, gizarte justuago baten alde egin eta adinekoen eskubideak eta esperientzia eta jakituria aprobetxatzeko helburua daukan Adinekoen Kontseiluak eta Udalak antolatu dituzte ekintzok. Azaldu dutenez, herritar guztiak kontuan hartuta prestatu da egitaraua: "Baita ere egoitza eta eguneko zentroetan dauden adineko pertsonak, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu antolatutako ekintza desberdinetan parte hartzera".

Aurtengoan bereziki emango diete arreta, "adinean aurrera egin ahala, nola eta non bizi nahi dugun hausnartzeari". Gai hori izango da, zehazki, egunotarako prestatutako erakusketa eta hitzaldiaren ardatz nagusia. Hona hemen egitaraua:

Egitaraua

  • Irailaren 21etik 27ra: Nola eta non bizi nahi dut bizitza osoan? erakusketa, San Joxepe Jubilatuen Elkartean.
  • Irailaren 24ean:  Adineko pertsonentzako txotxongilo tailerra, Oxirondo azokan, TAUN-TAUN; 16:30ean.
  • Irailaren 25ean: Etxea antzezlana, Seminarixoan. amaHiru antzerki konpainia; 20:00ean.
  • Irailaren 28an  Duintasuna elkartearen aldarrikapen ekintza berezia, Munibe plazan; 12:00etan.
  • Irailaren 28an: Non eta nola bizi nahi dut? hitzaldia, Irizar Jauregian. Andrea Pozo, Matia Fundazioa; 17:30ean.
  • Irailaren 29an:  Dantzaldi irekia Asier Castrorekin, Mizpirualde egoitzan; 17:30ean.
  • Urriaren 1ean:  Aldarrikapen eguna, Boni Laskurain 9an. Aldarrikapen bateratuaren irakurketa, pintxo-potea eta dantzaldia; 17:00etan.
  • Urriaren 2an:  Estación paraíso txotxongilo emanaldia, Seminarixoan. La Maquiné konpainia; 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak