Ate irekien jardunaldia egingo du UNED-Bergarak urriaren 2an

Eneko Azurmendi Barrena

Iñaki Esparza, UNED-Bergarako zuzendaria, hitzaldia egiten. Argazkia (UNED-Bergara).

Lehenik, publikoari irekitako informazio hitzaldia egingo dute, egoitzan bertan; ostean, dagoeneko matrikulatuta dauden ikasleei zuzendutako saio berezia –biak ala biak, presentzialak eta online–.

1976an sortu zen eta, ondorioz, aurten 50. urteurrena betetzen duen UNED-Bergarak ate irekien jardunaldia egingo du urriaren 2an, egubakoitza, Bergarako plazan duen egoitzan. Jardunaldi hori ikasketak hasi nahi dituztenei zein ikasturte berrirako dagoeneko matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta egongo da.

Hala, 18:00etan, publikoari irekitako informazio hitzaldia egingo dute, "bereziki UNED-Bergaran ikastea aztertzen ari diren pertsonei zuzenduta". Adierazi dutenez, eskaintza akademikoa, UNEDen metodologia eta ikasketak lanarekin, familiarekin eta bizitza pertsonalarekin uztartzeko eskaintzen dituen aukerak azalduko dituzte.

Ondoren, 18:30ean, dagoeneko matrikulatuta dauden ikasleei zuzendutako bigarren saioa egingo dute. "Baliabide didaktikoak, zerbitzuak, tresna digitalak, hezkuntza plataforma eta zentroaren funtzionamendua aurkeztuko ditugu, ikasturte berriari aurre egiteko". Gogorarazi dute, era berean, 2026/27 ikasturterako matrikulazio epea urriaren 21era arte egongo dela zabalik.

1.400 ikasle baino gehiago

UNED-Bergarak, 50 urteko ibilbidean, unibertsitate ikasketak Gipuzkoako milaka pertsonarengana hurbildu dituela nabarmendu du. "Izan ere, lanagatik, familia edo bestelako arrazoi pertsonalengatik edo bizilekuagatik ohiko unibertsitateen eredu presentzialak eskaintzen ez dien aukera behar duten pertsonentzat alternatiba bat eskaintzen dugu".

Bost hamarkada geroago, zentroak 1.400 ikasle baino gehiago  ditu unibertsitate adarrean, eta 60 irakasle baino gehiagoko lantaldea. Halaber, "ikasketak, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera" ematen duen "eredu publiko eta malguaren" aldeko apustuari eusten dio.

Eskaintza handitu dute

Eskaintzari dagokionez, honako hau da: 30 unibertsitate gradu baino gehiago; gradu bikoitzak; mikrotituluak; masterrak; doktoregoak; Berezko Ikastaroak eta etengabeko prestakuntzakoak; Hizkuntzak (online); eta 25 eta 45 urtetik gorakoentzako Unibertsitatera Sartzeko Ikastaroak.

Horiez gain, ikasturte berrirako eskaintza handitu egin dute. Batetik, Adimen Artifizialeko Ingeniaritzako Gradua gehitu dute, "ekonomia eta gizartea
sakon eraldatzen ari den arloetako batean profesionalak prestatzera bideratuta". Era berean, Filosofia, Politika eta Ekonomiako Gradua ere txertatu dute, "zeinak gaur egungo gizarte, politika eta ekonomia erronka handiei ikuspegi diziplinarteko batetik heltzen dien".

Horiez gain, hiru gradu bikoitz eskainiko dituzte: Matematika eta Fisika; Psikologia eta Kriminologia; eta Ekonomia eta Matematika. Zehaztu dutenez, azken hori bereziki lotuta dago datuen analisia, finantzak eta adimen artifiziala bezalako arloetako profilekin.

Erret mintegia, berreskuratuta

UNED-Bergararen 50. urteurrenak "esanahi berezia" du unibertsitatearentzat, Bergarako Erret Mintegiarekin duen loturagatik. "Izan ere, Ilustrazio garaian hezkuntzaren, zientziaren eta ezagutzaren hedapenaren erreferente nagusietako bat izan zen", diote. "Ilustrazioaren ondare horren zati bat jasotzen du gaur egun, eta Bergara ezagutza, prestakuntza eta etorkizunera begiratzeko gune bihurtu zuen iraganeko tradizioari eusten dio".

UNED-Bergara Fundazioak "funtsezko" zeregina izan du Erret Mintegia berreskuratu, kontserbatu eta eraberritzeko. "2008an, Fundazioak eraikina Estatuari erosi zion, milioi bat euroren truke, eta horrela, gune historiko horrek unibertsitate eta hezkuntza jarduerarekin zuen lotura sendotu zen".

Herritarrengana gerturatuz

Urtemugaren testuinguruan, azkenik, zentroaren eredu malguari eman diote balioa, "eginkizun nagusietako bat" baita "haien egoeragatik unibertsitatera hurbildu ezin duten pertsonei unibertsitatea hurbiltzea". Etorkizunari begira, "unibertsitate publiko, irisgarri eta hurbila" izaten jarraitzeko xedearekin lan egiten jarraituko dutela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak