Duela 14 urte igo ziren lehen aldiz oholtzara, dantza txapelketa baterako, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo. Ordutik, Euskal Herriko hainbat herritako plazek eta txapelketek, entseguek eta elkarrekin egindako dantzek osatu dute bidea. Zapatuan, ordea, azken aldiz atera zen bikotea txapelketara, beren herrian: Bergaran.
Alpargatak azken aldiz janzteko erabakia hartuta, gogotsu iritsi ziren zapatuan plazara: elkarri agur esateko, haien ondoan urte hauetan egon direnei eskerrak emateko eta, batez ere, gozatzeko. Familiako kideak eta lagunak elkartu ziren publikoaren artean, bikotea dantzan ikusteko. "Hamalau urte hauetan gure ondoan egon diren guztiak egon ziren", dio Murgiondok. Ospakizuna eta agurra izan ziren, era berean. "Denetik izan zen: hunkigarria, tristea, berezia... baina baita arraroa ere", aitortu du Galarragak. Horrenbeste urtez elkarlotu dituen zerbait amaitzeak badu bere pisua: "Ziklo baten amaiera markatu zuen zapatukoak".
Saioa Galarraga: "Ziklo baten amaiera markatu zuen zapatukoak"
Umetatik, beterano izatera
Biak 5-6 urte ingururekin hasi ziren Moises Azpiazu dantza taldean lehenengo pausoak ikasten. Maite Lazkano irakaslea, taldearen barruan, biak batera jartzen hasi zen entseguetan, eta, 12-13 urte zituztela, elkarrekin txapelketetara joateko proposamena egin zien. Hasieran, probatzeko asmo hutsa zuten. Ez zekiten non amaituko zuten.
Lehen urteak, ordea, ez ziren gaur egungoak bezalakoak izan. "Umeak ginen, eta lehenengo helburua plazara ohitzea izan zen", dio Murgiondok. Poliki-poliki, teknika hobetzen, gorputza prestatzen eta esperientzia hartzen joan ziren. Urteek aurrera egin ahala, hasierako urduritasuna segurtasun bihurtu zen, eta txapelketak beste modu batera bizitzen hasi ziren. "Berriak izatetik beterano izatera pasatu gara", dio Galarragak.
Elkarrekin 14 urtez
Agian, horixe izan da haien ibilbidearen bereizgarrietako bat: 14 urteotan beti egin dute dantza elkarrekin. Txapelketek berez dakartzaten presio eta tentsioak gorabehera, ez da inoiz bikotearen arteko harremana zama bilakatu. Helburu bera izan dute plazara ateratzean: entseguetan prestatutakoa ahalik eta ondoen egitea, bakoitzarekin eta bikotearekin gustura gelditzea eta, batez ere, dantzan disfrutatzea. "Oso ondo ulertu dugu elkar eta ez da inoiz esfortzu bat izan elkarrekin egotea", azaldu du Murgiondok. Ez diote elkarri aparteko presiorik jarri, eta bakoitzaren egoerara egokitzen jakin dute urteotan.
Julen Murgiondo: "Oso ondo ulertu dugu elkar eta ez da inoiz esfortzu bat izan elkarrekin egotea"
Txapelketen beste aurpegia
Txapelketen munduak badu bere alde gogorra. Entsegu orduak, bi ordutegiak uztartzea, presiopean jardutea, gorputza prestatzea eta urte bakoitzean behar den lana egitea. Eta, batez ere, txapelketak uda garaian izaten direla kontuan hartuta, bestelako planak ere alde batera utzi behar izatea. "Sakrifizioa badago", aitortu dute biek, baina, gustuko zerbait izanda, esfortzua beste modu batean bizi izan dute. Kanpotik ikusita, dantza ez da, agian, kirol edo lehiaketa gogor moduan hautematen; dena den, plazan ere izerdi dezente botatzen dela azpimarratu du bikoteak.
Hamaika oroitzapen
Momentu asko pilatu zaizkie memorian. Galarragak ez du bakarra aukeratzeko erraztasunik. Bereziki gogoratzen ditu Bergaran lehiatutakoak, inguruko jendearen babesa sentitu izan dutelako. Euskal Herriko txapelketetako une batzuk ere bereziak dira; 2019an Seguran lehen aldiz txapela irabazi zutenekoa, esaterako. Ez zuten espero, eta emozioz betetako eguna izan zen.
Murgiondok gogoan du, bereziki, 2022ko Segurako Euskal Herriko Txapelketa. Polonian Erasmusean zegoela, aitonak pena zuela esan zion, iloba txapelketan ikusi ezingo zuelako. "Dantza egitera bazatoz, nik ordainduko dut hegaldia", esan zion. Eta itzultzea erabaki zuen. Ostiralean Poloniatik atera, larunbatean Euskal Herrira iritsi, txapelketa dantzatu eta igandean berriro Poloniara itzuli zen. Emaitza ere berezia izan zen: txapelketa irabazi zuten.
Horrelakoek osatzen dute hamalau urteko bidea: txapelek eta emaitzek, baina baita plazek, ingurukoek eta dantzaren bueltan bizitako uneek ere. Aurrera begira ez dute beren burua txapelketetan ikusten. Hala ere, dantza beste modu batean bizitzen jarraituko dute.