Urriaren 4ra arte eman daiteke izena Bergarako Jabekuntza Eskolako tailerretan

Idoia Aranbarri Arzuaga

2026-2027 ikasturteko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren urritik abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du Bergarako Udalak. Udazkeneko programak askotariko tailerrak, urte osoko ekintzak eta bi ikuskizun bildu ditu. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Datozen hilabeteetan, emakume bergararrek interesa duten arlo ezberdinak lantzeko aukera izango dute, hala nola, gorputzaren zaintza, sormena, komunikazioa, komunitatearen eraikuntza, kultura eta ongizate emozionala. Emakumeak mugimenduan, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, joskintza eraldatzailea, Amak tribuan, aromaterapia, biziraupenerako brikolajea, irratigintza tailerra, xaboi komunitarioa, Chi kung eta bestelako ekintzak antolatu dituzte. Ekintzen bidez, emakumeen ahalduntzea, partehartzea, saretzea eta ongizatea sustatzea da Udalaren helburua.

Urte osoan zehar garatuko diren bi ekimen ere jarriko dituzte martxan: emakume migratuei kirol-eskaintza ezagutarazteko Agorrosinerako hurbilketa taldea, eta Gure artean euskaraz! egitarmoa, emakumeen artean euskararen erabilera sustatzeko. Halaber, azaroaren 25arekin lotuta, azaroaren 17an, 20:00etan, Ez dira kolpeak soilik mingarriak emanaldia izango da, eta azaroaren 21ean, berriz, 18:00etan, Zaintzaren dantza ikuskizuna. Bi ikuskizunak Seminarioan izango dira.

Saioetan parte hartzeko izena eman behar da urriaren 4a baino lehen 943 77 91 45 edo 688 81 17 60 telefono zenbakira deituta, edo berdintasuna@bergara.eus helbide elektronikora idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak