Emakumeen pilota sustatzeko helburuarekin, pilota topaketa berezia egingo dute Bergaran egun horretan. Ekitaldian hainbat jarduera egingo dituzte: herriko eta kanpoko pilotarien arteko partidak, barru herrikoia eta elite mailako binakako partida.
Emakumeentzako saioak
Ekimenaren atzean dagoenetako bat Arrate Bergara pilotari profesionala da. Bi urte inguru darama Bergaran emakume talde bat pilota goxoarekin entrenatzen. "Zortzi neska entrenatzen ditut Bergaran. Neskak 24 eta 40 urte artekoak dira", azaldu du Bergarak. Iaz hasi zuten ibilbidea eta aurten ere jarraitu dute entrenamenduekin. Taldea Bergarako Pilota Klubaren barruan dago, eta astean behin entrenatzen dira, martitzenetan. Gaur egun, ordea, entrenamenduetara mugatzen da jarduera, nahiz eta hainbat topaketatan eta klubeko barne txapelketetan parte hartu duten.
Herriko eta kanpoko pilotariak
Irailaren 26ko ekitaldian, entrenatzen ari diren emakumeek elkarren aurka jokatuko dute, eta Lemoatik gonbidatutako hainbat pilotari ere izango dira. Bergaratik sei emakumek hartuko dute parte eta Lemoatik, beste bik; bi taldeek aurretik egindako topaketa batean ezagutu zuten elkar. "Lemoako taldean ere hainbat emakume daude goxoarekin entrenatzen gurean bezala; harremana daukagu, eta gonbidapena bidali genien". Lehenengo partiduen ondoren, barru herrikoia egingo dute. Bertan, animatzen diren neska eta emakume guztiek parte hartu ahal izango dute.
Arratsaldea amaitzeko, elite mailako binakako partida jokatuko dute. Hasiera batean, Olatz Arrizabalaga eta Irati Zabala bikotea eta Amaia Aldai eta Arrate Bergara ziren aurrez aurre izatekoak. Aldaik, ordea, ezin izango du parte hartu, eta haren ordez beste pilotari bat arituko da. Gainera, ekitaldia girotzeko, azoka txiki bat prestatuko dute.
Emakume pilotarientzat
Ekimenaren ideia emakumeen pilotari herrian ikusgarritasuna emateko sortu zen: "Emakumeen pilotaren inguruan herrian egun bat egitea pentsatu genuen, herrian ikusgaitasuna emateko eta jende gehiago entrenatzera animatzeko".
Haren ustez, garrantzitsua da neska gazteek frontoietan emakume pilotariak ikustea eta erreferenteak izatea. "Neska txikiek ikustea erreferente bezala emakumeak pilotan jokatzen... edo bere egunean pilotan jokatu nahi izan zuenak eta ezin izan zuenak, berriro nahi badu animatu dadila. Lekua dute", nabarmendu du.
Bergararen arabera, emakumeen pilotak gero eta presentzia handiagoa duen arren, oraindik beharrezkoa da emakumeen pilota propioa ikusarazteko ekitaldiak egitea. "Askotan, pilota festibaletan, lehenengo emakumeek jokatzen dute eta ondoren gizonezkoek, Master Cup kenduta. Orduan, ondo dago izatea egun bat emakumeena espresuki", dio.
Ekitaldia Bergarako Udalaren laguntzarekin antolatu dute, eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte irailaren 26an frontoira joatera.