Itasua IATko langileek manifestazioa deitu dute irailaren 24rako Bergaran

Claudia Crespo Revilla

Gaur goizean Itasua IATko langileak egin duten prentsaurrekoan. (Argazkia: GOIENA).

Gaur goizean Itasua IATko langileek Bergaran egindako prentsaurrekoan adierazi dute hilaren 24an, 19:00etan, Irala kaletik hasita mobilizazioa egingo dutela. Era berean, urriaren 1ean Zarautzen egingo dute. Sinadura bilketak ere jarri dituzte martxan.

68 greba egun daramatzate Bergara eta Zarauzko IATko langileek eta goizean egin duten prentsaurrekoan azaldu dute enpresak ez dituela aintzat hartu langileen aldarrikapenak. "Enpresarekin bilera izan genuen uztailaren 23an Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan, negoziaketa desblokeatzeko asmoz langile ordezkariok deituta. Bilera horretan gure aldarrikapenak ez ziren kontutan hartu, enpresek entzun ere ez baitzituen egin, eta egoera larritzen doa", zioen Rober Gomez LABeko ordezkariak.

Gehitu du greban dauden langile batek kaleratze-gutuna jaso duela, eta beste 7rek enpresaren aldetik salaketak jaso dituztela. Enpresari eskatu diote emandako pausu horiek atzera botatzeko,  bestela ez dela akordiorik egongo.

Mobilizazioak datozen egunetan

Uztailean hasi zen gatazka eta luzatzeak ondorio larriak eragin ditzakeela ohartarazi dute. Bergaran eta Zarautzen zerbitzua ematen ari ez direnez, inguruko herrietako IATak kolapso egoerarantz doaz: "Horrela jarraituz gero, ezinezkoa izango da herritarren segurtasuna behar bezala bermatuta egotea".

Aurreratu dute hurrengo bilera eguenean egingo dutela, baina dagoeneko iragarri dute manifestazioa egingo dutela irailaren 24an Bergaran, Irala kaletik hasita, 19:00etan. Parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak. Urriaren 1ean, berriz, Zarautzen. Era berean langileei babesa emateko eta Eusko Jaurlaritzan aurkezteko sinadura bilketak jarri dituzte martxan; Bergaran IAT aurrean sinatzeko aukera egongo da. "Zerbitzu publikoa den heinean Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna hartzeko eskatzen diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak