XXI. mendeko Euskal Herrirako polizia-ereduaren inguruko gogoeta egin dute Bergaran, Telesforo Monzon Laborategiak antolatutako jardunaldietan. Bi mahai-ingurutan, udalerrietatik abiatutako gertutasuneko polizia eta Euskal Polizia integralaren eredua aztertu dituzte.
Lehen mahai-ingurua
Lehen mahai-inguruan, udal poliziaren inguruan aritu dira Aitzol Osa Ondarruko udaltzainburua, Endika Alonso Iruñeko Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza zinegotzia, Julia Trias Bartzelonako Udaleko segurtasun-komisionatuaren aholkulari ohia eta Imanol Beroitz udaltzain eta LABeko kidea.
Hau izan da abiapuntua: Arkaute bidezko eredu bateratuaren eta tokian tokiko gertutasun-poliziaren arteko tentsioa. Galdera ez da izan soilik polizia nola antolatu, baizik eta udalerri bakoitzaren errealitateari nola erantzun. Julia Triasek azpimarratu du polizia "segurtasunaren engranaje osoaren beste pieza bat dela", eta marko juridikoak —legeek, udal ordenantzek eta protokoloek— ereduaren nondik norakoak baldintzatzen dituztela.
Aitzol Osak, berriz, segurtasuna "poliedro" baten moduan irudikatu du: hirigintza, osasuna, ongizate soziala eta beste hainbat alor ere segurtasunaren parte direla esanaz.
Besteak beste, udalek hautaketa-prozesuetan gaitasun handiagoa izatea eta udaltzain berrien "harrobia" sortzea proposatu dute. Prestakuntza oinarrizkoa ez ezik, etengabea izatearen garrantzia ere azpimarratu dute.
Bigarrena
Bigarren mahai-inguruan, Euskal Polizia integralaren beharra izan dute hizpide Xabier Arana ikertzaileak, Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko legebiltzarkideak eta Tomas Rodriguez Irimiak, ELAko Ertzaintzako ordezkari ohiak. Delitu ekonomikoak, ziberkriminalitatea, ingurumen-delituak edo indarkeria matxista bezalako alorretan espezializazioa indartzea defendatu dute.
Era berean, poliziaren jardueraren kontrol demokratikoa eta herritarren konfiantza izan dituzte hizpide. Kanpo-kontrolerako organo independente baten beharra ere planteatu dute.
Ondorio nagusiak
Bi eztabaidek ideia batean egin dute bat: etorkizuneko polizia-ereduak "gertutasuna, prestakuntza, espezializazioa eta kontrol demokratikoa" izan behar dituela.