Bost puntuko aldea besterik ez da egon gazta lehiaketako hiru onenen artean

Larraitz Zeberio Lekuona

Bergarako azokan saria jaso duten ekoizleak.

Segurako Ondarre baserriko Felix Goiburu eta Karmele Muruak jaso dute txapelketako sari nagusia, baina semea izan dute gogoan; izan ere, orain hura ari da gaztandegian. Pozik jaso dute Bergarako sari nagusia bigarren aldiz jarraian.

"Gazta ona ez dugu guk bakarrik egiten", zioen Felix Goiburuk saria jaso bezain pronto. Baietz egiten zuen buruarekin Karmele Murua emazteak eta gehitu du: "Ikusi besterik ez dago. Bost puntuko aldea besterik ez da egon lehen hiru sailkatuen artean".

Pozik jaso dute saria bigarren urtez jarraian. "Seigarren belaunaldia naiz eta uste nuen nirekin bukatuko zela, baina zorionez seme bat jarraipena ematera animatu da eta harek guk baino sasoi hobea da. Ahal dugunean laguntzen diogu baina hura ari da orain lanean", esan du Goiburuk.

Idiazabal gazte izendapenak antolatzen du Bergarako azokako gazta lehiaketa eta hamabi gazta aurkeztu dira aurten, horietatik bost Gipuzkoakoak, lau Arabakoak, bi Bizkaikoak eta bat Nafarroakoa.

Epaimahaian Noelia Aldai eta Bittor Rodriguez bergararrak egon dira. Lehen saria Segurako Ondarre baserriak eraman du. Bigarrena Lekarozko Kortaria-Infernuko gaztak jaso du, eta hirugarrena Olaberriako Aizpea baserrikoak.

Fruta eta barazki postu onenak

Bergarako azokan beste bi sari banatzen dira. Fruta postu onenaren saria Urtza Sarrionandia bizkaitarrak irabazi du, eta barazki atalekoa Ane Gorosabel arrasatearrak jaso du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak