Astelehenetik aurrera, hainbat kontsulta hartuko ditu Miguel Altunako eraikin zaharrak

Eneko Azurmendi Barrena

Miguel Altunaren eraikin zaharra.

Bergarako Osasun Zentroa berritzeko obrak direla eta, irailaren 14tik aurrera Ibargarai hiribidera lekualdatuko dituzte emaginaren, ginekologiako, errehabilitazioko eta fisioterapiako kontsultak, Miguel Altuna eskolako tailer zaharrera.

Behin-behineko instalazio berriek 200 metro karratu izango dituzte, honako banaketa honekin: Administrazio eta Harrera eremu bat; Emakumeentzako Arreta eremu bat, emaginaren eta ginekologiako bi kontsulta dituena; Errehabilitazio Unitatea, kontsulta bat, gimnasio bat eta tratamendurako hiru box dituena; Lehen Mailako Arretako Fisioterapia gunea, kontsulta batekin; eta talde-jardueretarako gela bat.

Eraikin berriari dagokionez, obrek 28 hilabeteko iraupena izango dute, jardueraren zati handi bat oraingo lekuan egiten jarraitzeko. Urriaren 1ean hasiko dituzte lanak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 5.807.870 euroko inbertsioa aurreikusten du.

Jarduketa horren bidez, zentroa guztiz eraberrituko dute, "herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko, zerbitzuak hobeto integratuta, oraingo azpiegiturak eguneratuta eta modernizatuta, eta asistentzia-behar berrietara egokituta".

Hamalau kontsulta; bi gehiago

Eraberritu ondoren, osasun-zentro berriak hamalau kontsulta izango ditu beheko solairuan –egungoak baino bi gehiago–, eta eremu hauek izango ditu: Administrazio eremua, Emakumeentzako Arreta eremua, Pediatria, Errehabilitazioa, Etengabeko Arreta Gunea, Erizaintza eremua (odol-ateratzeak eta sendaketak) eta zirkuitu independentea duten bi kontsulta. "Lehenengo solairuan hemezortzi kontsulta izatetik 28 izatera pasako gara, erizaintzakoak eta familia-medikuntzakoak, baita ospitalez kanpoko arretako kontsultak ere, eta profesionalentzako eremua. Guztira, obrei esker, % 50 handituko da gaur egungo azalera", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ohar bidez.

Nabarmendutako udalerrietako bat

Nabarmendu duenez, Gipuzkoan gehien nabarmendutako udalerrien artean dago Bergara, Alegiarekin, Loiola-Donostiarekin, Elgoibarrekin, Lazkaorekin eta Eibarrekin batera, "euskal osasun-sarea modernizatzeko eta Europako sistemen abangoardian kokatzeko historiako inbertsio-ahaleginik handienaren esparruan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak