Museoak ondare zientifikoa bisitarien esku jarriko du urriaren 3tik 31era, "ezagutza zientifikoa eta natura-ondarea deskubritu, kontserbatu eta berrinterpretatzeko aukera" emango duten bost jarduerarekin.

Ondarea gure eskuetan lemapean egingo dituzte jardunaldiak. "Ondareaz hitz egitea arduraz hitz egitea ere bada. Laboratoriumen zientzia nola eraiki den erakusten diguten instrumentuak, dokumentuak, espazioak eta ezagutzak ditugu, baina gure lana ez da gordailu izatea bakarrik: horiek interpretatzea, partekatzea eta belaunaldi berriek bere egin ditzaten lortzeko lan egiten dugu. Oso identifikatuta sentitzen gara Ondarearen Europako Jardunaldiekin eta, ondorioz ez da kasualitatea aurtengoan ere gure museoa programa horren parte izatea", azaldu du Rosa Errazkinek, Laboratorium Museoko zuzendariak.
Izena eman behar da
Jardueretan parte hartzeko, derrigorrezkoa da aurrez izena ematea 943 76 90 03 telefonora deituta edota laboratorium@bergara.eus helbidera mezu bat bidalita. Zenbait ekintzak, gainera, plaza mugatuak dituzte.
Egitaraua
Escape The Museum · Zientzia sekretuan: ezagutza europear bidaiaren ginkana
Urriak 3 · 17:00 · Euskara · 10 plaza · Prezioa: 3,75 € · Helduak eta haurrak
XVIII. mendeko espioitza zientifikoko misioetan inspiratutako ginkana parte-hartzailea. Erronka kolaboratiboen bidez, parte-hartzaileek ezagutuko dute nola zabaldu zen Europan metalurgiari lotutako ezagutza, zer arrisku eta oztopo izan zituen haren transmisioak eta nola bihurtu zen aurrerapen zientifikoaren giltzarri. Jarduerak, aldi berean, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza zientifiko eta teknikoaren balioa azpimarratzen du, Europako ondare ez-materialaren funtsezko osagai gisa, eta haren zaintzaren garrantziaz hausnartzera gonbidatzen du.
Bisita gidatua · Arriskuan dagoen ezagutza: ondare zientifiko historikoaren bisita
Urriak 10 · 11:00 · Euskara · 20 plaza · Prezioa: museoko sarrera · Helduak eta haurrak
Bilduma zientifiko historikora egindako bisita gidatua, tresna zientifiko zaharren hauskortasuna, ezagutzaren ondare materialaren galera-arriskuak eta Europako memoriarako kontserbazioaren garrantzia ulertzeko. Jarduerak, halaber, zentro zientifiko ilustratuek Europan jakintzaren zirkulazioan izan zuten eginkizuna aztertuko du.
Bisita gidatua · Wolframaren memoriak: zientzia, industria eta gatazka
Urriak 16 · 11:30 · Gaztelania · 10 plaza · Prezioa: museoko sarrera · Helduak eta haurrak
Wolframari eskainitako erakusketa murgiltzailera bisita gidatua, Europako historian izan duen garrantzi zientifiko, industrial eta geopolitikoa deskubritzeko. Aztertuko da nola baliabide zientifiko eta industrialak ondare zaurgarri bihur daitezkeen gatazken, eraldaketa ekonomikoen eta aldaketa teknologikoen ondorioz.
Lorategi historikoetara bisita gidatua · Eusten dioten lorategiak: natura-ondarea klima aldaketaren aurrean
Urriak 24 · 12:30 · Euskara · Prezioa: museoko sarrera · Helduak eta haurrak
Lorategi historiko eta sentsorialean zehar egindako ibilbide interpretatiboa, ondare naturalaren zaurgarritasuna, biodibertsitatearen galera eta paisaia kulturalaren aldaketak aztertzeko. Jarduerak ondarearen jasangarritasunari buruzko hausnarketa sustatuko du.
Tailerra · Jakinduriaren esploratzaileak: ondare zientifikoa berriz irudikatzeko
Urriak 31 · 11:30 · Euskara · Prezioa: 3,75 € · Helduak eta haurrak
Museoko laborategian egingo den tailer parte-hartzailea. Parte-hartzaileek biologia, geologia, kimika eta fisikarekin lotutako jardueretan parte hartuko dute, ezagutza zientifikoaren bilakaera eta gizartean duen eragina ezagutzeko. Esperimentazioaren, sormenaren eta ikaskuntza aktiboaren bidez, hezkuntza zientifikoa eta belaunaldiarteko ezagutzaren transmisioa sustatuko dira. Jarduerak ondare zientifikoa ondare bizi gisa ulertzea proposatzen du, eta parte-hartzaileak haren zaintzan eta etorkizunerako transmisioan eragile aktibo izatera gonbidatzen ditu.