2022ko ekainaren 18an hil zen Pello Garitano, 82 urte zituela, eta, ordutik, Lokatzak, hutsik egin gabe, haren oroimenezko martxa antolatu du urtero. Bergaratik Gorlara egiten den zortzi kilometroko martxa, baina, ez da ohiko martxa zikloturista bat, jai bat baizik. Antolatzaileek horrela eskatuta, batzuk mozorrotu ere egiten dira bizikleta gainean ibilbidea osatzeko. Beste batzuk, aldiz, goizean bizikletan ibili ostean batzen dira martxara; izan ere, edonor apunta daiteke Pello Garitanoren omenezkora.
Aurtengoa, bertan behera
Aurreko hiru edizioak udaberrian egin dituzten arren, aurten udazkenean egiteko erabakia hartu zuen Lokatzak. Klubaren asmoa, hasiera batean, laugarren martxa zikloturista egin eta gero, taldearen 50. urteurrena bazkari batekin ospatzea zen; guztia egun berean. Izan ere, 40 urte bete zituztenean ere egin zuten mahaiaren bueltako hitzordua. Orduko hartan, Jesus Arantzabal, Arritxu Iribar, Txomin Perurena eta Lokatzako kide izandako asko elkartu ziren; ehun bat lagun guztira. Hala, abuztuaren aurretik zabaldu zuten martxarako izen ematea, eta bazkarian ere izena emateko aukera zegoen formulario berean.
Azkenean, Pello Garitanoren omenezko martxa, behintzat, aurten ez egiteko erabakia hartu du Lokatzak. Ion Unamuno presidentearen esanetan, "ez du funtzionatu" martxa dataz aldatzeak: "Gure asmoa, horrelako ekitaldi bat antolatuta, denboraldi berria indartsu hastea zen, baina, egia esan, ez da jende askorik animatu martxan parte hartzera. Agian, orain arteko data barneratuta du jendeak, eta ez dugu jakin behar bezala aldaketaren berri ematen". Horrez gain, martxa antolatzeko lanetan "oso pertsona gutxi" aritu direla gaineratu du; horrek ere eragina izan du erabakian.
Aurten beraz, atseden hartuko du Lokatzak, baina, datorren urtera begira, martxa berriro ere antolatzeko asmoa erakutsi du Unamunok: "Aurten ez da posible izango. Datorren urtean berriro saiatuko gara, ohiko datara bueltatuz".
Ezohiko batzarra, urrian
Urriaren 26an, 19:00etan, Lokatzako elkarte gastronomikoan, ziklismo eskolak ezohiko batzarra egingo du, puntu bakarrarekin: Zuzendaritza Batzordeko kideen hautaketa eta izendapena 2026-2030eko aldirako, oraingo agintaldia amaitu delako. Ion Unamuno presidenteak azaldu du egungo taldeak jarraitzeko asmoa duen arren etorkizunerako ideia berrien beharra dagoela eta "beso-zabalik" hartuko dituztela interesa dutenak.