Ohiko hitzordua izango da aurtengoa ere, eta bertako nekazaritza eta elikadura sektoreko ekoizleak ezagutaraztea izango du helburu. Horretarako, inguruko ekoizleen produktuak erakutsi eta haien aniztasunari eta kalitateari balioa eman nahi diete. Bergarako Udaleko Kultura teknikari laguntzaile Ander Bolibarrek esan du azokaren ohiko egiturari eutsiko zaiola: "Urteroko feriako dinamikan, barazki eta fruta eta gazta eta gainontzeko postuak egongo dira. Gero, tailerrak ere egongo dira, hiru bat tailer egunean zehar. Odoloste eta talo postua ere egongo da, eta gazta, barazki eta fruten lehiaketak".
Hiru tailer Katabian
Azokak, baina, ez ditu salmenta-postuak soilik izango. Hiru tailer egingo dituzte egunean zehar Katabia plazan. 11:00etan, Jardun Euskara Elkarteak haurrentzako garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko dinamika egingo du. 12:00etan, berriz, Ekoudalatx Mintegi ekologikoaren eskutik, linimentua prestatzeko tailerra izango da. Azkenik, 12:30ean, Erlantz Olabarriak kandela tailerra eta erlauntzetik ateratako zuzeneko ezti dastaketa eskainiko ditu. Egitarauan beste hainbat ekitaldi ere izango dira: 11:00etan, Bergarako trikitilariekin kalejira; 11:30ean, Bergarako odolosteen dastaketa, Imaz eta Leturia harategien eskutik; eta 13:30ean, barazki, fruta eta gazta lehiaketetako sariak banatuko dituzte.
Etxeko produktuak
San Martin ferian urtero parte hartzen duen ekoizleetako bat Mari Karmen Etxebarria da. Aurten ere etxean ekoitzitako produktuak eramango ditu. "Etxeko barazkiak eta fruta eramango ditut, horrekin betetzen dut mahaia. Aurten, adibidez, udako beroengatik eta ur gutxiagatik, pikuak eta mahatsa aurreratu egin dira; adibidez, horiek eramango ditut".
Etxebarriak nabarmendu du San Martin azokak baduela balio berezia ekoizleentzat: "Azkenengo urteetan beti jaitsi izan naiz feriara. Tradizioei eutsi egin behar zaie, feria erakusleiho bat izaten da jendearendako, guk egiten dugun lana erakusteko". Haren esanetan, "tradizio bat dago, eta tradizioarekin" jarraitu nahi dute.
Azokaren giroa ere azpimarratu du: "Eguraldiak laguntzen badu egun oso polita izaten da. Eguraldiak asko baldintzatzen du; ona izanez gero, jende askoz gehiago animatzen da".