Pertxa elkarteak 50 urte beteko ditu. Zer esan nahi du zuentzat?
Elkarteak 50 urte beteko ditu, eta ni ere 50 urte hauetan danborradari lotuta egon naiz. Hiru urte egin nituen danborrari, eta, horren ondoren, zuzendari hasi nintzen.
Eta aurtengoa azkena izan daiteke zuzendari gisa?
Hori espero dut… Oraindik ez daukat guztiz erabakita, baina, printzipioz, hori da nire asmoa, nekatuta nago.
Beraz, berezia izango da aurtengo danborrada zuretzat…
Bai, bai, gauza askorengatik. Alde batetik, elkartearen 50. urteurrena dago; eta, bestetik, baliteke nire azken urtea izatea zuzendari.
Urte hauetan guztietan danborradaren bilakaera ikusi duzu. Nolakoa izan da aldaketa?
Ni hasi nintzenean, bi edo hiru talde besterik ez zegoen. Orain, berriz, 30 talde baino gehiago daude. Hainbeste talderekin, danborrada asko luzatzen da.
Lehenagoko danborrada nahiago zenuen?
Ez dut esango lehen bezala nahi dudanik, baina, nire ustez, hamar talde inguru nahikoa lirateke. Hori izango litzateke gehienezko kopuru egokia.
Eta 50 urte geroago, nola ikusten duzu danborrada?
Oso bestelakoa da. Lehen, elkarte gastronomikoek zuten protagonismo handiagoa; orain, berriz, gazte-kuadrillek parte hartzen dute, batez ere. Talde bakoitzak bere izena jartzen du, haren kuadrilla da, eta beste izaera bat eman dio danborradari.
Eta giroa ere aldatu da?
Bai; txantxa eta parranda gehiago dago. Baina, tira, ez da hileta bat. Jai-giroa egon behar da eta ondo pasatu behar da, noski. Baina seriotasun pixka bat ere mantendu behar da. Gero, nahi adina barre egin dezakegu.
Parte-hartzaileen artean ere aldaketa sumatu duzu?
Bai. Gaur egun, emakume asko gehiago ikusten dira. Lehen, berriz, ez zegoen gaur beste emakume. Asko aldatu da, alde horretatik.
Pertxa elkarte gastronomikoak 50 urte hauetan danborrada guztietan hartu du parte?
Urte batean izan ezik, bai. Urte hartan ez zen danborradarik egin, ez dakit zergatik. Eta guk, elkartean, San Martin afari normala egin genuen.
50 urte ondoren, oroitzen duzu danborradarekin lotuta istorio berezirik?
Aipatu dudan afarian. Afaldu eta pixka bat edan ondoren, batek esan zuen: "Zergatik ez gara kalera ateratzen danborrada jotzera?". Eta kalera atera ginen denok.
Eta nola egin zenuten tresnarik gabe jotzeko?
Elkartean eskura geneukanarekin. Bodegan zeuden gauza batzuk hartu genituen. Nik zoru-garbigailu bat hartu nuen eta harekin zuzendu nuen taldea. Beste batek irrati bat zeraman, eta musika jartzen zuen. Oso berezia izan zen egun hura.