Ehun urteko tartea, familia bereko bi arraunlari eta sari bera jokoan. Nerea Agirrezabal bergararra Kontxako Bandera irabazteko atarian da, Arraun Lagunak-ekin, haren birraitonak Ondarroarekin bandera irabazi eta mende bat geroago. Domekan bigarren jardunaldia jokatuko du. Donostiako trainerua lehen postutik abiatuko da, lehen jardunaldian Tolosaldeari 9,18 segundo aterata. Bitxikeria gisa, Agirrezabalen amaren familia Ondarroakoa da –bertan hasi zen arraunean–, eta birraitonak Ondarroako traineruarekin irabazi zuen Kontxako Bandera duela 100 urte. Aurten, beraz, lorpen bera errepikatzeko aukera du birbilobak, emakumezkoen mailan.
Bederatzi segunduko 'altxorra'
Agirrezabal lasai dago azken jardunaldiaren aurreko egunetan. Aste ona egin dute entrenamenduetan, eta domekarako gogoz dago. Badaki lehen jardunaldiko aldeak egoera ondo bideratuta uzten diela, baina oraindik bigarren estropada egin behar dutela azpimarratu du: "Denboraldi osoan emaitza onak eman dizkigun arraunketari eustea da asmoa". Denboraldiak berak eman dio taldeari segurtasun hori. Bandera guztiak astinduta, Arraun Lagunakek Euskotren Liga irabazi du –klubaren bosgarren liga eta laugarrena jarraian–, eta estropadaz estropada erakutsi dute haien erabateko nagusitasuna. Horregatik, bergararrak argi du ez dutela ezer berezirik egin behar orain arte egindakoarekin alderatuta.
Itsasoko baldintzen esperoan
Itsasoak, kaleak eta eguneko baldintzek izan dezaketen eragina ere kontuan dute: kaleen arteko aldea handiagoa izan daitekeela itsaso zakarra dagoenean; domekarako halakorik espero ez denez, aldeak txikiagoak izatea aurreikusten dut". Hala ere, ikasgaia ikasi dute taldean: aurkarien emaitzei eta kanpoko faktoreei gehiegi begiratu beharrean, taldeak bere mailan jartzen du neurgailua.
Lehenengo Kontxaren bila
Agirrezabalek ez du inoiz Kontxako Bandera irabazi, eta domekakoa haren lehenengoa litzateke. Bederatzi denboraldi daramatza elitean, eta badaki halako garaipen batek duen balioa: arraunlari askok ibilbide osoa bandera bakar bat irabazi gabe amaitzen dutela gogorarazi du. Horregatik, bere burua pribilegiatutzat du. Hortaz, Kontxa irabaziz gero, 100 urteko tartearekin familia bereko bi belaunaldik bandera bera irabaziko lukete. "Patua edo zerbait bada hor", adierazi du. Agirrezabalek harrotasunez hartzen du aukera hori, eta familiako arraunzaletasunari jarraipena emateko modu bat ere bada, haren ustez. Oraingoz, baina, ez du ospakizunetan pentsatzen: lehenik, lana ondo egin eta estropada amaitu arte itxaron nahi du. Irabaziz gero, urte osoan egindako ahaleginaren saria izango dela dio.