Joan den astean Donostian aritu ziren dantzan, eta horixe izan da bi bergararrek uda honetan parte hartu duten txapelketa bakarra. Zapatukoa izango da haien azken txapelketa. "Alpargatak uztea nahi genuen. Herrian hasi ginen, duela 14 urte eta han bukatu nahi genuen. Aurtengo txapelketa bakarra izango da, eta gogotsu gaude. Elkarri eta gure ondoan egon direnei agur esatera goaz, eta gozatzera", dio Galarragak. Ekitaldialdia 18:30ean izango da Oxirondon; euriarekin, Seminarixoan.
Etxean ariko dira Murgiondo eta Galarraga dantzan, eta haiekin batera izango dira lehiaketan Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Amane Uranga eta Ioritz Iriarte (Tolosa-Lesaka), Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola (Lezo), Onditz Esnaola eta Groka Granado (Lizartza-Sopela), Jone Arriaran eta German Aranburu (Azpeitia), Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo), Elene Astiazaran eta Oier Arriaran (Azpeitia), Nora Aizpuru eta Iker Zabala (Azpeitia) eta Irati Olaizola eta Malen Arrizabalaga (Legazpi-Azpeitia).
Bikoteek fandangoa dantzatuko dute Bergarako Txistulari Bandaren laguntzat, eta arin-arina, trikitilarien laguntzaz. Dantzaz gain, aurkezpen saioa burutu eta puntuatuko da. Gipuzkoako Euskal Dantzariek Biltzarrak izendatu dituen Antton Mañendizabal, Eunate Arbizuk eta Karlos Sarriegik osatuko dute epaimahaia.
Sariei dagokienez, bikote txapeldunak Udalak emandako garaikurra, txapelak eta 200 euro eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta 180 euro eta hirugarrenak, garaikurra eta 170 euro. Halaber, dantzatu duten beste bikote guztiek 125 euroko dieta jasoko dute.