Nerea Agirrezabalen Arraun Lagunakek gertuago dauka Kontxako Bandera

Xabier Urtzelai

Nerea Agirrezabal bergararraren Arraun Lagunakek gertuago dauka Kontxako Bandera, gaurko estropada nagusitasunez irabazi eta gero. Bederatzi segundo atera dizkie bigarren sailkatu den Tolosaldeari. "Palada bakoitzaz gozatu dut", adierazi du bergararrak. 

Ikusteko dago datorren domekak zer emango duen, baina Arraun Lagunakeko neskek eman dute lehenengo kolpea. Eta kolpe handia izan da, gainera. Nerea Agirrezabalek eta haren taldekideek hasieratik atera die aldea aurkariei, eta denboraldian zehar Ligan erakutsitako nagusitasuna Kontxan berretsi dute.

Hala, datorren asteko estropadako txandak erabakita geratu dira. Lehen txandan, Hibaika, Donostiarra, Zarautz eta Orio ariko dira. Bigarrenean, aldiz, Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero.

Portuan, gertukoak zain zain

Garaipenaren ostean, Donostiako portura itzulita, Arraun Lagunakeko arraunlariek ingurukoekin ospatzeko aukera izan dute, eta, Agirrezabalek, gainera, Bergaratik joandako gertukoak zituen zain. "Oraindik ez dugu ezer egin, datorren domekan gaur lortutako abantaila baliatu beharko dugu baina egia da 9 segundo abantaila polita dela. Berotzen hasi garenean ikusi dugu erritmo ona geneukala, eta estropadan berretsi dugu hori", adierazi dio GOIENAri bergararrak.

Gaurko sailkapena:

1. Arraun Lagunak: 10:49.68

2. Tolosaldea: 9.18ra

3. San Juan: 10.54ra

4. Astillero: 10.74ra

5. Hibaika: 12.72ra

6. Donostiarra: 13.26ra

7. Zarautz: 17.08ra

8. Orio: 18.46ra

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak