Javier Igartua da Debagoieneko Gurutze Gorriko presidentea eta hark nabarmendu du haurrak babestea lehentasuna dela beti eta ekimenaren helburua dela zaurgarritasun-egoeran dauden haurrei materiala banatuta garapen akademikoan eragina izan dezaketen desberdintasunak murriztea.
"Jarduera hau posible izan da Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioen lanari esker, baita Urrezko Zozketako txartelen salmentaren bidez lortutako diru-bilketari eta urte honetan zehar jasotako beste dohaintzei esker ere", eskertu du Igartuak.
Ekimen eta laguntza ezberdinak
Zortzigarren urtez jarri dute martxan ekimena eta eskualdeko udalerrietako Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan garatu dute. Laguntza horiek eskuratzeko, eskatzaile diren familiek Debagoienean bizi behar dute, Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan matrikulatutako seme-alabak izan, zaurgarritasun-egoera aitortua izan eta Gurutze Gorriak gaitutako online formularioaren bidez eskaera egin.
Halaber, Debagoieneko Gurutze Gorriak garatzen dituen ekimen eta laguntzeko dauden aukera ezberdinei buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke San Prudentzioko Debagoieneko Gurutze Gorriaren egoitzak, 943 76 55 76 telefono zenbakira deituta edo altodeba@cruzroja.es helbidera idatzita.
