Mikel Aristi, Imanol Arriortuarekin batera, Munduko Paralinpiar Txapelketan ariko da

Koldo Zubia Salas

Imanol Arriortua ezkerrean eta Mikel Aristi eskuinean, Euskadi Fundazioaren elastikoarekin. Irudia: Sergio Alonso.

Mikel Aristi bergararra eta Imanol Arriortua derioztarra hilaren 4tik 7ra bitartean Alabaman –Estatu Batuak– jokatuko den Errepideko Munduko Paralinpiar Txapelketan ariko dira, tandemean. Euskal bikoteak zapatuko erlojupekoan, eta asteleheneko errepideko proban parte hartuko du. 

Denboraldi bikaina osotu du Arriortuak. Uztailean, Espainiako Errepideko Txirrindularitza Paralinpikoko bi tituluak irabazi zituen Melillan –erlojupekoa eta errepidekoa–; Espainiako Pista Txapelketetan, hiru urre lortu zituen; eta maiatzean Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuen.

Arriortuak ez du lehenengo parte hartzea izango Munduko Txapelketa batean. Iaz, Ronsen –Belgika– podiumetik postu bakarrera gelditu zen erlojupekoan, eta seigarren amaitu zuen ordekako proba. Urtebete lehenago, Zurichen, emaitza hobeak eskuratu zituen: Zilarra eskuratu zuen errepideko proban eta brontzea erlojupekoan.  "Bi probak dira urteko erronka nagusiak, 2028ko Joko Paralinpikoei sailkapenerako funtsezko puntuak ematen dituztelako. Ordekako proban lehian izatea espero dugu, hori baita gure helburu nagusia. Erlojupekoan, berriz, podiumetik 32 segundora sailkatu ginen azken Munduko Kopan; emaitza txarra ez bada ere, aldea nabarmena da. Horregatik, erlojupekoa trebatzen saiatu gara, eta ilusioarekin egingo diogu aurre", adierazi du Arriortuak.

Hala, domina bat lortzeko faboritoen zerrendan dago aurten ere Arriortua. Oraingoan, Aristi txirrindulari profesional ohiaren laguntza izango du. Izan ere, Euskadi Fundazioaren txirrindularitza egokituaren egitura berria osatzen dute biek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak