Andoni Moñux Ugalde: "Presioa benetakoa zenean lanak erantzun zuela sentitu nuen"

Claudia Crespo Revilla

Andoni Moñux Nazioarteko metal eta perkusio lehiaketan

Hego Korean jokatutako Nazioarteko Metal eta Perkusio Lehiaketan bigarren postua lortu du Andoni Moñux Bergaratarra.

2024a ezkero Tartun (Estonia) bizi da eta hango Vanemuine Antzoki Nazionaleko Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlaria da Andoni. Denboraldi berria prestatzen harrapatu du GOIENAk.

Hasteko, zorionak! Nazioarteko Metal eta Perkusio Lehiaketan irabazitako sariagatik. Zer suposatzen du zuretzat sari hark?

Poz handia izan da, noski. Baina niretzat garrantzitsuena ez da domina bera bakarrik: hainbesteko presiopean urteetako lanak erantzun zuela ikustea izan da. Mundu osotik etorritako maila handiko 97 tubista geunden, eta bigarren postuak nazioarteko maila horretan nire mailari eusteko gai naizela baieztatu dit. Hala ere, sailkapen bat une jakin bateko argazkia besterik ez da; ez du musikari baten balio osoa neurtzen.

Zer-nolako txapelketa izan da?

Abuztuaren 6tik 14ra antolatu zuten; lehen probak 9an hasi ziren. Tuba, bonbardino, tronboi baxu eta perkusio modalitateak biltzen ziren bertan. Tubako lehiaketa hiru fasetan antolatu zen, hainbat egunez jarraian. Maila artistikoa oso altua zen: halako lehiaketa batean denek jotzen dute ondo, eta aldea presioa, energia eta erregulartasuna kudeatzeko moduak egiten du askotan. Ez da une bakar batean pieza bat ondo jotzea bakarrik; hainbat egunetan zure maila hoberenari eutsi behar diozu.

Tuba diziplinan 97 parte-hartzaile, eta hirugarren fasera soilik hiru musikari heldu zineten. Horien artean zeu.

Lehen fasetik 18 pasatu ginen bigarrenera, eta hiru bakarrik finalera. Finalean Vaughan Williamsen Tubarako kontzertua jo genuen orkestrarekin. Finalera iristea bera oso handia izan zen, baina han ikasi nuen ezin duzula eszenatokira ateratzeko perfektu sentitu arte itxaron: aurretik egindako lanean konfiantza izan behar duzu, akats txikiak onartu eta musikaren barruan jarraitu. Presioa benetakoa zenean lanak erantzun zuela sentitu nuen.

Ez dugu aipatu, baina txapelketa hori Hego Koreako Jeju uhartean izan zen.

Bai, eta horrek esperientzia are bereziagoa egin zuen. Jejura joatea ez zen lehiaketa batera joatea bakarrik: beste kultura bat ezagutzea eta mundu osoko musikariekin harremanak egitea ere izan zen. Gainera, Unai Urretxo musikari eta zuzendari arrasatearraren laguntza izugarria izan nuen; hogei urte baino gehiago daramatza Korean. Haren emazte Miyang Kimek bikain lagundu zidan pianoan. Sariaz gain, Korea, han egindako lagunak eta bienganako esker ona ekarri ditut etxera.

Zer-nolakoa da orkestra batean lan egitea?

Kanpotik emanaldiak bakarrik ikusten dira, baina egunerokoa entseguek, banakako prestaketak eta etengabeko entzuteak osatzen dute. Normalean orkestrako tuba-jotzaile bakarra naiz: pasarte batzuetan denbora luzez ez duzu jotzen, baina sartzen zarenean orkestraren oinarria, oreka eta kolorea eraikitzen laguntzen duzu, eta batzuetan oso agerian geratzen zara. Horrek kontzentrazio handia eta taldearekiko erantzukizuna eskatzen du. Aldi berean, oso lan kolektiboa da: zure egitekoa ez da zeure burua nabarmentzea, baizik eta dozenaka musikarirekin batera soinu bakar bat eraikitzea. Opera, ballet eta errepertorio sinfonikoaren artean, egunero zerbait desberdina dago.

Udan Bergaran deskonektatzeko aukera izan duzu, edo instrumentuari lotuta ibili zara?

Bai, hiru aste egin nituen Bergaran ekaina eta uztailaren artean. Etxera itzultzeak, familiarekin eta lagunekin egoteak, deskonektatzen laguntzen dit beti. Baina aurten ez zen erabateko atsedenaldia izan: Jejuko lehiaketa prestatzen ari nintzen bete-betean, eta eguneroko lana nahiko intentsua zen. Ilusio eta gogo handiz parte hartu nuen, halaber, Xabi Arrillaga Bengoa gogoratzeko urtero egiten den kontzertuan; aurten Elvis Presleyren kantuen inguruan antolatu zen. Horrez gain, uztailaren 4an ANDONIX3rekin Lainon jo genuen kontzertua ere izan zen. Beraz, etxean egotea, arnasa hartzea, lanean jarraitzea eta Bergarako musika-bizitzan aktiboki parte hartzea uztartu nituen.

Zein proiektu dituzu esku-artean?

Estoniako "Vanemuine" Antzoki Nazionaleko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia hasi berri dugu. Irailaren 13an Beauty & The Brass kontzertu propioa egingo dut: lehen zatia tuba eta harparentzat izango da, eta bigarrena metal boskotearentzat, The Beatlesen moldaketekin. Ondoren, aste batzuk Islandiako Orkestra Sinfonikoan gonbidatu gisa ariko naiz. Urriaren amaieran Amsterdamera itzuliko naiz Netherlands Philharmonic orkestrarekin Concertgebouw aretoan jotzeko, Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea eta Wynton Marsalisen Biolontxelorako kontzertua programan. Aldi berean, ANDONIX nire rock proiektua garatzen jarraitzen dut, kontzertu, entsegu eta kanta berriekin.

Duela hiru urte GOIENAk egindako elkarrizketa batean zenioen, zure ametsa zela orkestra batean lan egitea. Estonian lortu duzu, baduzu beste ametsik betetzeko?

Orkestra batean plaza finkoa lortzea nire amets handietako bat zen, baina ez dut helmuga bezala ikusten. Orain ez daukat amets bakar bat, ezta orkestra jakin baten izena ere buruan. Maila handiko orkestra batean hazten jarraitu nahi dut, nazioarteko proiektuetan parte hartu, tubarako bakarlari- eta ganbera-proiektu propioak sortu eta instrumentua publiko berriengana hurbildu. Aldi berean, ANDONIXen bidez kantari, gitarra-jotzaile eta frontman naizen alderdiari ere lekua eman nahi diot. Niretzat benetako ametsa da alderdi horiek guztiak batera garatu ahal izatea, bizitza profesional sendo eta iraunkor batean.

Bergarako musika-harrobian ikasi zenuen, zerbait duzu aipatzeko?

Bergarako musika-harrobiak ematen didan harrotasuna azpimarratu nahiko nuke: historikoki Bergarako Musika Eskolak sustatu duen harrobiak, hain zuzen. Espero dut Bergarako beste talentu gazte askok, ni neu izan nintzen bezala, arrakasta handiko ibilbidea egin duen nire arreba Miriam Moñuxek eta biok izan genituen aukera zoragarri berberak izatea, eta beren ibilbideak guk egin dugun moduan garatu ahal izatea. Oso harro nago Bergara musika-talentu gehien esportatzen duten herrietako bat izateaz; bertako harrobi sendoari esker egin du hori, kanpoko talentuaren menpe egoteko inolako beharrik gabe.

Andoni Moñux musikari bergararra saria jasotzen. (Argazkia: JIWEF)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak