Atzo hasi zituzten osintxuarrek aurtengo Kofraixak Martiritxoren jaitsiera eta mozorrotuta egindako bizikleta martxarekin; gaur ere, goizetik jai giroa izan da nagusi herrian. Sukaldaritza lehiaketan, hainbat taldek gogoz ekin diote osintxuar erako patatak prestatzeari. Plater berezi honen osagai nagusiak sahieskia, txorizoa eta patatak dira, eta hamaika taldek prestatu dituzte eguerdiko herri bazkarirako.
Sukaldaritza lanak amaituta, 160 lagun inguru elkartu dira herri bazkarian. Giro ederrean bazkaldu dute eta, jakina, goizean prestatutako patatak izan dituzte protagonista mahaian. Baina gaurko jai egitaraua ez da bazkariarekin amaitu. Arratsaldean ere izango dute zer ospatu: 19:00etan DJ Track ibiltaria izango dute herriko kaleak musikaz eta giroaz betetzeko, 23:00etan Laket erromeria eta 2:00etan DJ Arrano izango da.
Bihar domeka, emango diote amaiera aurtengo jaiei. Eguerdian, pilota partidak izango dituzte:
- B. Mendizabal eta H. Etxaniz – U. Etxeberria eta I. Larrañaga
- O. Dorronsoro eta L. Barrenetxea – A. Retolaza eta X. Arando
Arratsaldean, txikienek ere izango dute gozatzeko aukera: 17:00etan haurrentzako puzgarriak izango dira. Azkenik, 20:00etan Martiritxoren igoerarekin esango diote hurrengo arte aurtengo jaiei.