Hiru pertsona atxilotu dituzte Bergaran, gizon bat atxikita edukitzea egotzita

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko abuztuaren 28a

Ertzaintzaren arabera, 33 urteko gizonezko bat bezperatik zuten bere borondatearen aurka etxebizitza batean, ustezko zor baten ordainketa eskatzeko. Estortsioa eta legearen aurkako atxiloketa egotzi dizkiete atxilotuei.

Ertzaintzak bi gizon eta emakume bat atxilotu zituen atzo, eguena, Bergaran, estortsio delitua eta legearen aurkako atxiloketa egotzita. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 33 urteko gizon bat bere borondatearen aurka atxikita zuten Bergarako Alde Zaharreko etxebizitza batean, ustez ordaindu gabe zuen zor baten dirua eskatzeko.

18:30 inguruan izan zuen Ertzaintzak gertatutakoaren berri. Bi pertsona Deba-Urolako ertzain etxera joan, eta Bergarako Alde Zaharreko eraikin batean pertsona bat bere borondatearen kontra atxikita egon zitekeela jakinarazi zuten. 

Agenteek lau pertsona aurkitu zituzten barruan: hiru gizon eta emakume bat. Haietako gizon batek odola zuen buruan. Osasun laguntza eskatu zuten harentzat, eta Arrasateko ospitalera eraman zuten.

Bezperatik atxikita

Biktimak ertzainei adierazi zienez, bezperatik zegoen etxebizitzan bere borondatearen aurka. Haren kontakizunaren arabera, ustezko erasotzaileek kalean aurkitu zuten eta eurekin etxera joateko agindu zioten, ordaindu gabe zuen zor bat kitatzeko. Behin etxebizitzan, bere etxeko giltzak eta bere zein amaren dokumentazioa kendu zizkioten. Ustez bertan eraso egin zioten, zorraren dirua eskatzen zioten bitartean.

Ertzaintzaren arabera, ustezko erasotzaileetako batek biktimarekin batera haren ama ingresatuta zegoen egoitzara ere jo zuen, handik banketxera joan eta zorra ordain zezan. Ordainketa ez zen egin, eta gizona berriro eraman zuten Bergarako etxebizitzara.

Ertzaintzak bertan atxilotu zituen 37 urteko emakume bat eta 30 eta 31 urteko bi gizon, estortsioa eta legearen aurkako atxiloketa egotzita. Polizia etxera eraman zituzten, eta eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte epailearen esku.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak