21. Nazioarteko Metal eta Perkusio Lehiaketa jokatu da egunotan Hego Koreako Jeju uhartean. Mundu mailako haize-metal eta perkusio instrumentuen ekitaldi garrantzitsuenetakoa da hau, eta aurten, lau diziplina ezberdinetan lehiatu dira parte-hartzaileak: Bonbardinoa, tronboia, perkusioa eta tuba. Azken diziplina honetan bigarren postua eskuratu zuen Andoni Moñux musikari bergararrak.
97 parte-hartzaile
97 parte-hartzaile izan ditu tuba diziplinako txapelketak. 18 tubista soilik igaro ziren bigarren fasera, eta azken fasean berriz, hiru musikari gelditu ziren. Bertan, ekitaldiko orkestrarekin batera pieza bat jo behar izan zuten finalistek.
Henrique Dias portugaldarrak eskuratu zuen lehen saria. Hirugarrena berriz, Diego Stine estatubatuarrarentzat izan zen.
