Aurten jokatu diren estropada guztiak irabazi ditu Nerea Agirrezabal bergararra parte den Arraun Lagunak talde donostiarrak, hamahiru. Pasai Donibaneko bandera altxatu zuten atzo, zapatua, baina, ohikoa baino garaipen gozoagoa izan zen bergararrarentzat eta honen taldekideentzat, matematikoki Euskotren ligako irabazle bilakatu dira-eta.
Hiru estropada falta diren arren, talde donostiarrari nahikoa zitzaion Tolosaldearen aurretik geratzea garaikurra ziurtatzeko, eta azkenean zortzi segundo atera zizkioten donostiarrek. "Nork esango zigun batelerak berdinduko genituela" adierazi zuen Xubane Uribarrena arraunlariak estropadaren ostean, bosgarren liga eskuratu dute-eta, San Juan taldea berdinduz. Bost horietatik lau ligak jarraian irabazi dituzte. Gaur Getariako estropada jokatuko dute.