Itasua IATko langileek Jaurlaritzaren "esku-hartze zuzena" eskatu dute

Mireia Bikuña 2026ko uztailaren 29a

Bergarako eta Zarauzko langileek greba mugagabeari eusten diote, eta erakundeei eskatu diete "hitzarmen propioaren negoziazioa desblokeatzeko inplikatu daitezela".

Agerraldi publikoa egin dute Bergarako eta Zarauzko 55 langileek. Azaldu dute IAT zerbitzua "derrigorrezkoa" dela. Ondorioz, "zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko ardura duten euskal erakundeek ezin dute gatazkaren aurrean albo batera egin".

Langileek hitzarmen propioa eskatzen dute, Gipuzkoako gainerako IATetako langileekin dituzten aldeak zuzentzeko. Salatu dutenez, urtean 133 lanordu gehiago dituzte, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro artean gutxiago jasotzen dute sektore bereko gainerako langileek baino. Egoera horren aurrean, ELAk gogorarazi du "enpresaren jabeek azken urteotan sei milioi euroko dibidenduak banatu dituztela".

Negoziazioa "blokeatuta"

ELAk salatu du "negoziazioak erabat blokeatuta jarraitzen" duela "enpresaren jarreraren ondorioz". Azaldu duenez, negoziatzeko borondaterik erakutsi beharrean, enpresak greba eskubidea urratzen ari da, langileak legez kanpo ordezkatuta. Langileek ohartarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak